Gizartea -
Nafarroako Kontu Auzitegia
Nafarroak ez du dirurik aurreztu ospitaleetako sukaldeak pribatizatuta
Nafarroako Ospitaleko sukaldeen kudeaketa pribatizatu gabe Osasunbideak 670.000 euro aurreztuko lituzkeela esan du Nafarroako Kontu Auzitegiaren txosten batek.
Erredakzioa
Behin sukaldeak bateratu eta sistema hotza ezarrita, Nafarroako Ospitale Guneko sukaldeen kudeaketa pribatizatu gabe Osasunbideak, Nafarroako Osasun Zerbitzuak, 670.000 euro aurreztuko lituzkeela adierazi du Nafarroako Kontu Auzitegiaren txosten batek.
Auzitegiaren arabera, 2011ko amaieran Nafarroako Gobernuak sukaldeak bateratzea, produkzio sistema beroaren ordez hotza jartzea eta zerbitzuaren kudeaketa enpresa pribatu baten eskuetan uztea erabaki zuen. Enpresa pribatuak sukaldeak bateratzeko beharrezko lanen ardura hartu zuen.
Hiru aldaketa horiekin 2,8 milioi euro aurreztu behar zituztela uste zuen Nafarroako Gobernuak, baina Mediterranea de Catering konpainiak 5,3 milioi fakturatu zizkion, eta, ondorioz, aurrezpena 2,5 milioi eurokoa izan zen.
Ospitaleetako sukaldeen zerbitzua enpresa pribatuen esku ez egon izan ez balitz, eta eraldaketak baliabide propioekin egin izan balira, zerbitzu horrek 4,6 milioi euroko kostua izango zukeen. Horrela, sukaldeak bateratu eta sistema berotik hotzera igarota, iaz 670.000 euro aurreztuko zituen Nafarroako Gobernuak.
Espedienteak eta irregulartasunak
Kontu Auzitegiak txostenean azaldu duenez, aldi baterako 128 kontratu bertan behera utzi dituzte sukaldeetan. Gainera, aplikatutako kontrol sistemek enpresa pribatuari hiru espediente zabaldu dizkiote eta 75.000 euro ordaindu behar izan ditu; izan ere, 34 ikuskatzetan 84 irregulartasun atzeman dituzte garbitasunean, tenperaturetan eta materialetan.
Gainera, janariaren kantitateetan, menuetan eta elikagaien tenperaturetan hainbat urraketa izan dira. Bestalde, bazkari eta afarietan ur botilatxoak banatzeko 60.000 euro kobratu zituen enpresa pribatuak, baina ez du botilarik banatu.
Txostenak jaso duenez, pazienteek 2.322 kexa aurkeztu dituzte 2013tik 2014ko maiatzera arte, janariaren kalitate eskasa, dietetan egindako hanka-sartzeak, tenperaturak, ordutegiak eta kantitateak direla eta. 2010, 2011 eta 2012. urteetan 15 kexa aurkeztu zituzten.