Gizartea -
2017ra arte
Lomce ezartzeko 964 milioi euro beharko dira, Werten arabera
Hezkuntza erreforma datorren ikasturtean hasiko dira ezartzen. 2017tik 2020ra bitartean, urtean 400 milioi beharko dituzte hura ezartzeko, eta erkidegoek ere ordaindu beharko dute.
Erredakzioa
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak ziurtatu duenez, astelehenean hasiko da autonomia erkidegoetako ordezkariekin bilera sorta egiten, Lomce hezkuntza erreforma ezartzeko finantziazioaren inguruan hitz egiteko. 2017ra arte, 964 milioi euro beharko dira.
Kongresuan izan den Hezkuntza Batzordean egindako adierazpenen arabera, 2014-2020 urteetan beharko den finantziazioaren gainean ere hitz egingo dute, Europak alde bat finantzatuko baitu.
Orain arte, ministroaren arabera, 964 milioi euro lortu dituzte; horietatik 614, Europako Gizarte Funtsetik, eta gainerakoa, Hezkuntza Ministerioak berak esleituta.
Gainera, Lomce guztiz ezartzeko beste 400 milioi euro beharko dira urtean (2020ra arte, hiru urte faltako dira), eta erkidegoek ere finantzatu beharko dute, baina hori Zerga eta Finantza Politiken inguruko bilera batean zehaztu beharko da.
Gainera, Werten esanetan, erkidegoen ordezkariek Oinarrizko Lanbide Heziketa berria "oso positibotzat" jo dute, hezkuntza zein enplegu sektoreetatik.
Hezkuntza erreforma datorren ikasturtean hasiko dira ezartzen, Lehen Hezkuntzako hasierako hiru urteetan eta Oinarrizko Lanbide Heziketa berrian.