Gizartea -
Garoñako zentral nuklearra
Garoña berriro irekitzeko prozesua ikuskatzeko eskatu diote Bruselari
Garoñako zentral nuklearraren inguruko udalerrietako alkateek zentrala berriro irekitzeak ekarriko dituen arriskuez ohartarazi eta planta hori behin betiko ixtea eskatu dute.
Erredakzioa
Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzeko prozedura ikuskatzeko eskatu diote Europako Batzordeari zentralaren inguruko hamaika udalerrietako alkateek.
Joan den maiatzean, Nuclenorren Administrazio Kontseiluak Garoña ustiatzeko baimena berritzeko eskaera egin zion Industria Ministerioari. Eskaera onartuz gero, zentrala 2031 arte izango da martxan.
Jose Manuel Soria Industria ministroak adierazi zuenez, Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak urtebete inguru beharko du eskaerari buruzko txostena aurkezteko.
Ministerioaren erantzunari begira zain egon gabe, Garoñako zentralaren inguruan dauden hamaika udalerrietako alkateak mobilizatzen hasi dira eta goizean elkarretaratzea egin dute Arabako Foru Aldundiaren aurrean.
Zentrala berriro abian jartzen baldin badute, euren herriak arriskuan izango direla ohartarazi dute alkateek. Horrenbestez, zentrala "behin betiko" ixtea eskatu dute.
"Ezin gara geldi geratu, Nuclenor eta PP gure herrietako biztanleen etorkizuna negoziatzen ari diren bitartean. Interesek ekonomikoak segurtasunaren gainetik jartzen ari direla salatu behar dugu", azpimarratu dute.
Horrez gain, Garoñako zentralak bere jardunari berriro ekiteko baimena lortzeko prozedura ikuskatzeko eskatu diote Europako Batzordeari. Fukushimako ezbaharraren ostean ezarritako segurtasun neurriak betetzen diren ala ez egiaztatu behar dela erantsi dute.
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaren jarrera ere kritikatu dute, Arabako herritarren gehiengoak zentrala ixtea eskatu arren, berak ez duelako eskari hori babesten.
"Garoña betiko ixteko garaia iritsi da. Horretarako berme bakarra zentrala ahalik eta azkarren desegitea da", adierazi dute.