Gizartea -
Segurtasuna
Zibersegurtasun neurriak jarri dituzte abian Erregearen koroatzerako
Horrelako babes neurriak hartzen diren lehen aldia da. Estatuko Segurtasun idazkariak zuzenduko du prozesua.
Erredakzioa
Barne Ministerioak zibersegurtasun neurriak hartu ditu lehenbizikoz, ostegunean Espainiako Errege berria proklamatzeko zeremonia normaltasunez ospatu ahal izateko.
Gizartearentzat eta ekitaldia ospatzeko beharrezkoak diren oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten azpiegituren babesa indartzea da neurri horien helburu nagusia.
Felipe VI.a Espainiako Erregearen koroatze ekitaldira begira, Barne Ministerioak planifikatu dituen zerbitzuetako bat da zibersegurtasun neurriak hartzearena.
Espainian horrelako babes neurriak hartzen diren lehen aldia da, eta Estatuko Segurtasun idazkariak zuzenduko du prozesua, eta ezinbesteko pieza izango da Barne Ministerioaren Koordinazio Zibernetikorako Bulego sortu berria.
Bulego horretatik zuzeneko harremana izango da Poliziaren eta Guardia Zibilaren teknologia unitateekin. Horiek ziberespazioko delituen aurka egin eta delitugileak atzeman eta justiziaren aurrera eramateko betebeharra dute.
Barne Ministerioak segurtasun neurri ugari hartu ditu koroatzea dela eta izango diren ekitaldi guztiak normaltasunez izango direla bermatzeko. Hori dela eta, asteazkenean eta ostegunean, aireko espazioaren gaineko mugak areagotuko dira Madrilgo hiriko zenbait zonaldetan. Dena dela, muga horiek ez dituzte jada programatutako altuera handiko hegaldiak eta Adolfo Suarez Madril – Barajas aireportutik atera edo hara doazen bidaiarien hegaldiak geldituko.