Gizartea -

Agiria

SOS Arrazakeria: 'Marotok arazo bat du erlijio musulmanarekin'

SOS Arrazakeria Gipuzkoaren ustez, "pentsatu daiteke" Gasteizko alkateak "arazo bereziren bat duela erlijio musulmanarekin edota kultura eta ohitura ezberdinekin".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SOS Arrazakeria Gipuzkoak azaldu duenez, "pentsa daiteke" Javier Maroto Gasteizko alkateak "arazo bereziren bat duela erlijio musulmanarekin edota ohitura ezberdinekin".

Elkarteak agiri bat argitaratu du iragan asteburuan izan den polemika dela medio: Hainbat emakumek guztiz estalita zeudela hartu dute bainua, baita beloarekin ere, Mendizorrotzako eta Gamarrako igerilekuetan. Alkatearen hitzetan, "ezin da kaleko arropekin udal igerilekuetan bainatu eta gutxiago beloarekin".

SOS Arrazakeriak uste du Marotorentzat "araua apurtzea larriagoa" dela "beloa daraman emakume baten eskutik" badator. "Pentsa daiteke Marotok arazo larriren bat duela erlijio musulmanarekin edota kultura eta ohiruta ezberdinekin, askotan ikusi dugunez edota alkate den hirian kultuzko lekuei buruz dagoen erregulazioari dagokionean", adierazi dute GKE horretatik.

Gai horri "garrantzia gehiegi" ematen ari ez ote den galdetzen dute: "ez litzateke eguneroko elkarbizitza arazo bat baino gehiago izan behar, zentzuz irtenbidea aurkituz". Gainera, beraien ustez "ez du zentzu handirik erlijio musulmaneko kide guztiak zalantzan jartzea kasu honengatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea