Gizartea -
Hezkuntza
Jaurlaritzak ez ditu mailegurako liburuak berrituko, LOMCE dela eta
Ikasleen liburuak lege berrira egokitu beharko dituzte, eta horrek eragin zuzena izango du liburuak maileguan uzteko programan.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak geldiarazi egingo du datorren urtean eskolako liburuak maileguan uzteko programako materiala berritzeko prozesua, Espainiako Gobernuaren hezkuntza lege berria (LOMCE, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa) dela eta baldintza berrietarako "trantsizioa" gauzatu arte, erreforma horrek aurreikusten dituen beste eduki batzuekin egokitu beharko baitituzte liburuak.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eman du erabakiaren berri, EH Bilduk eskatuta Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.
Uriartek gogorarazi du Jaurlaritza Espainiako Gobernuak onartutako hezkuntza erreformaren kontra dagoela, eta "lehentasuna euskal hezkuntza sistema babestea eta hobetzea" dela.
Hala eta guztiz ere, ikasleek erabiltzen dituzten liburu eta curriculum materialak LOMCEra egokitu beharko dituztela aitortu du, eta horrek liburuak maileguan uzteko programan eragina izango duela. Programa horren helburua da ikasleek urtero testu liburuak erosi behar ez izatea eta ondoren datozenei uztea.