Gizartea -
Erregeak uko
Juan Carlos erregearen gainbehera
Espainiako erregeak bi urte 'ilunen' ostean erabaki du koroari uko egitea.
David Perez | eitb.com
Juan Carlos I.a Espainiako erregeak uko egin dio koroari, 1981. urteko otsailaren 23ko Estatu kolpean herritar askoren artean lortu zuen ospea bi urtean galdu eta gero.
Errege Etxearen gainbehera 2012. urtkeo otsailean hasi zen, Iñaki Urdangarin Palmako dukea Noos auzian inputatu zutenean. Handik bi hilabetera, erregearen iloba zaharrenak, Felipe Juan Froilanek, oinean tiro egin zuen, aitarekin, Jaime de Marichalarrekin, praktikak egiten ari zela. Froilan 13 urtekoa zen une horretan, baina 14 urtez azpikoek debekatuta duten arma bat zeraman.
Juan Carlos I.ak ez zuen iloba bisitatu ospitalean, Botswanan baitzegoen, luxuzko safari batean elefanteak ehizatzen. Erregeak aldaka hautsi zuelako eta ospitaleratu behar izan zutelako izan zuten horren berri hedabideek.
Juan Carlos I.a Espainiako erregea, Botswanan elefanteak ehizatzen
Apirilaren 18an ospitaletik atera zenean, erregeak barkamena eskatu zuen: "Sentitzen dut, hanka sartu dut, ez da berriz gertatuko".
Bezperan, 2012. urteko apirilaren 17an, Urdangarinen bazkide ohiak, Diego Torresek (Noos auzian inputatuta dago), hainbat mezu elektroniko igorri zizkion Jose Castro epaileari. Erregeak Urdangarinen negozioen alde egin zuela erakusten omen dute horiek.
Polemikak baretzeko eta bere irudia hobetzeko helburuz, estatuburuak elkarrizketa bat eskaini zion aurtengo urtarrilean Jesus Hermida kazetari ospetsuari. Horretan, ez diola karguari uko egingo nabarmendu zuen: "Sasoi onean nago, energia eta ilusio handia ditut".
Handik aurrera, Corinna zu Sayn-Wittgenstein, erregearen lagun-mina, izan da polemika gehienen protagonista. Horren izena Botswanako safarian entzun zen aurrenekoz, baina ez azkenekoz.
Adibidez, Iñaki Urdangarinek eta Corinna zu Sayn-Wittgensteinek elkarrekin hainbat kudeaketa egin zituztela eta erregeak horrek berri bazuela erakusten saiatu zen Diego Torres, Castro epaileari hainbat mezu elektroniko igorrita.
Corinna zu Sayn-Wittgenstein, Juan Carlos I.a, Patrick Mavros bitxigile britainiarra eta Alexander horren semea, Madrilgo Ritz hotelean
Gainera, Espainiako Gobernuarentzat lan "zuhurrak eta sekretuak" egin dituela aitortu zuen Sayn-Wittgensteinek berak, elkarrizketa batean. Adierazpen horien ondorioz, Espainiako Inteligentzia Zentroko (CNI) zuzendariak azalpenak eman behar izan zituen Kongresuan, ateak itxita.
Infantaren inputazioa heldu aurreko azken polemika duela astebete eskas jazo zen. Orduan, erregearen aitak, Juan Borboikoak, oinordetzan 1.100 milioi pezeta utzi zizkiola argitaratu zuen El Mundo egunkariak. 728 milioi pezeta paradisu fiskal batean zeuden, Suitzan. Hau da, Luis Barcenas PPko diruzain ohiak (Gurtel auzian inputatua dago) dirutza ezkutatu zuen leku berean.
Hori gutxi ez, eta justiziak inputatu egin zuen Cristina infanta alaba, Noos ustelkeria auzian nahasita dagoelakoan.
Herritarrek erakundeekiko konfiantza galdu duten honetan, Felipe VI.aren erregealdia 'bero' hasiko da.