Gizartea -
Negoziazioak
Can Vies eraisteko lanak bertan behera utzi ditu Bartzelonako Udalak
"Elkarrizketarako borondatea" erakutsi nahi du Udalak, baina Can Vieseko bozeramaileek proposamen guztiak baztertu dituzte. Ostiral honetan ez da istilurik izan, eraikina hustu zutenetik estreinakoz.
Erredakzioa
Bartzelonako Udalak baieztatu egin du Can Vies eraikina eraisteko lanak bertan behera utzi dituela, "elkarrizketarako borondatea" erakusteko, baina Can Vieseko bozeramaileek egin dituzten proposamen guztiak baztertu ditu. Bitartean, etxearen perimetroa babestuko duela gaineratu du, "pertsonentzat egon daitezkeen arriskuak ekiditeko".
Eraikina Bartzelonako Sants auzoko Jocs Florals kalean dago, eta segurtasun gune bat ezarri dute horren inguruan, auzokoek bihar goizean eraikina berriz eraikitzeko deia egin ostean. Eraikinaren parte bat erori egin da.
Can Vieseko bozeramaileek adierazi dutenez, "Can Viesetik harago" doan kontu bat da, eta gatazka amaitzea edo ez bihar Udaltzaingoak eta Udalak hartuko duten jarreraren araberakoa izango da.
Agiri baten bidez, Bartzelonako Udalak aitortu du "Can Vieseko kolektiboekin negoziatzeko borondatea" duela, "Sants auzoan azken egunotan gertatu denari irtenbide bat emateko".
Can Vieseko bozeramaileak goizean azaldu duen jarrerari dagokionez, Udalak esan du "alde guztientzat ona izango den irtenbide baten bila" dabiltzala, eta Santseko gizarte etxeak eta Bartzelonako Auzokideen Elkarteen Federazioak egin duten bitartekaritza eskertu dute.
Istilurik ez, eraikina hustu zutenetik estreinakoz
Bestalde, 300 bat lagun bildu dira ostiral gauean Sants plazan, beste behin ere protesta egiteko. Ez da istilurik izan.
Madrilen ere elkarretaratzea deitu dute, Sol plazan; deialdian ehun bat pertsona bildu dira, eta hemen ere ez da istilurik egon.
Can Vieseko eraikinera sartzeko arriskua
Txosten tekniko batek Can Vieseko eraikinera sartzeko arriskuaz ohartarazi du, eta Bartzelonako Udalak gatazkari irtenbidea jartzeko eztabaidatuko duen erakundeei bidali die, udal iturriek jakitera eman dutenez.
Behin-behinieko kartzela-zigorra atxilotuetako batentzat
Bartzelonako 13 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak behin-behineko espetxe-zigorra eskatu du Bartzelonan Can Vieseko ebakuazioan izandako istitluetan atxilotuetako bat, iturri judizialek jakitera eman dutenez.
Ostiral honetan istiluengatik atxilotutako hogei bat pertsonek deklaratuko dute epailearen aurrean, horietako bik 13 zenbakiko Instrukzio epaitegiaren aurrean, eta gainerakoek 14an.
Aske geratu diren 25 atxiloturi manifestazioetan parte hartzea debekatu die epaileak.