Gizartea -
Kerik gabeko astea
Osakidetza: 'Tabakoak kontsumitzaileen erdiak hiltzen ditu'
Tabakoaren kontsumoa murrizteko erreminta berria martxan jarri du Osakidetzak. Erretzeari utzi nahi dioten pertsonak 94 400 75 73 telefono zenbakia izango dute eskuragarri.
Erredakzioa
Tabakoaren kontsumoa murrizteko erreminta berria martxan jarri du Osakidetzak. Izan ere, erretzeari utzi nahi dioten pertsonak 94 400 75 73 telefono zenbakia izango dute eskuragarri. Erretzeari uzteko programetan parte hartu duten pertsonen kopurua bikoiztu egin da 2013. urtean.
Iaz, nabarmen egin zuen behera erretzaile kopuruak Euskal Autonomia erkidegoan. Osakidetzak erretzeari uzteko dituen programetan parte-hartzea nabarmen handitu zen eta, gaurtik aurrera, telefono bat ere eskainiko du Jaurlaritzak laguntza modura.
Jon Darpon sailburuak aurkeztu du gaur telefono zerbitzu berria, Kerik gabeko astearen lehenengo egunean. Esan duenez, zerbitzu berri honekin erretzeari uzteko programak “indartu” egingo dituzte.
Telefono zenbaki horren bitartez, erretzeari uzten lagunduko dute, telefono bidezko elkarrizketekin eta pertsona bakoitzarentzat diseinatutako plan berezien bitartez. Horrez gain, erabiltzaileek osasun zentroetara joateko aukera ere izango dute.
Azaldu duenez, telefono zenbaki horretara deituta, tabakoaren inguruko informazioa jasoko dute erabiltzaileek eta, erretzeari uzteko laguntza eskatzen dutenei, egokitutako programa bat eskainiko zaie.
Behin tratamendua martxan dagoenean, hitzordua jasoko du erabiltzaileak, tratamenduaren jarraipena egin ahal izateko.
Darponek gogoratu duenez tabakoa da aurreikusi daitekeen heriotza-kausa nagusia; “tuberkulosiak, HIESak eta paludismoak denak batera baino heriotza gehiago eragiten ditu. Bizi-itxaropenari 15 urte kentzen dizkio, gutxi gorabehera, eta kontsumitzaileen erdiak hiltzen ditu. Biriketako minbizien % 90 tabakoak eragiten ditu, eta hamar heriotzatik, bat”, adierazi du.
EAEko Osasun Inkestaren arabera, 2012. urteko heriotzen % 12,33 tabakoaren ondorioz gertatu ziren. Tabakoak 2.500 pertsonatik gora hil zituen urte horretan, gehienan gizonezkoak (2.224).