Gizartea -

Bi emakume hiltzeagatik

Fiskalak 40 urteko espetxe zigorra eskatuko du shaolin faltsuarentzat

Bi emakume hil zituela frogatutzat eman du fiskalak, eta, horrenbestez, 300.000 euroko isuna eta 40 urteko zigorra eskatuko ditu. Akusazio partikularrak, bestalde, 50 urteko zigorra eskatuko du.

Fiskalak 40 urteko kartzela zigorra eskatzen du Shaolin faltsuarentzat

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak 40 urteko espetxe zigorra eta 300.000 euroko isuna eskatuko ditu Juan Carlos Aguilar Bilboko 'shaolin faltsuarentzat', bi emakume hiltzea egotzita, SER irrati kateak jakin izan duenez.

Akusazioaren idazkian, Fiskaltzak ahozko epaiketa martxan jartzea ere eskatu dio Auzitegiari.

Fiskalaren ustez, Aguilarrek "maltzurkeriaz" hil zituen Jenny Rebollo eta Maurren Ada emakumeak. Hilketa bakoitzagatik 20 urteko espetxe zigorra eskatuko du epaiketan. Horrez gain, epe horretan Aguilar gaitasungabetzea ere eskatuko du.

Isunen atalean, fiskalak 209.800 euro eskatuko ditu Jenny Rebolloren familiarentzat, eta beste 77.000, Adaren amarentzat.

Fiskaltzak azaldu duenez, shaolin faltsuak maiatzaren 25ean hil zuen Jenny Rebollo eta, ondoren, emakumearen gorpua zatikatu egin zuen; bigarren emakumea ekainaren 2an bahitu eta ito zuen; Ertzaintzak bizirik aurkitu zuen, baina hiru egun geroago hil zen, ospitalean. Iturri judizialek azaldu dutenez, epaiketa urte amaieran egingo dute, oraindik defentsaren eta herri-akusazioaren kalifikazioak falta direlako eta oraindik herri-epaimahaia aukeratu behar dutelako.

Akusazio partikularrak 50 urte eskatuko ditu

Tamara Martinez Clara Campoamor elkarteko abokatuak adierazi duenez, 50 urteko kartzela-zigorra eskatzeko asmoa dute, Jenny Sofía Rebollo eta  Maureen Ada Otuya ''azpikeriaz'' hiltzeagatik. Halaber, Otuyara legez kanpo gelditzeagatik zigorra ere eskatuko du akusazio partikularrak. Lau eta sei urte arteko kartzela zigorra izan daiteke azken hori.

Pertsona bat hiltzea ''oso merkea'' da, Otuyaren familiaren abokatuaren ustez

Bestalde, Maureen Ada Otuyaren familiaren abokatuak esan du ''oso merkea dela bere familia aurre atera nahi duen emakume bat hiltzea'', Fiskaltzak familiarentzat 77.000 euroko kalte-ordaina eskatu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea