Gizartea -
Bartzelonan
Neskato bat intoxikatuta, marihuanaz egindako madalenak jan eta gero
Neskatoaren aitak erosi zituen madalenak azoka batean, droga zutela jakin gabe. Bi emakume atxilotu dituzte, osasun publikoaren aurkako delitua egotzita.
Erredakzioa
Bederatzi urteko neskato bat ospitalean artatu behar izan dute Bartzelonan, marihuanaz egindako madalenak jan ostean. Aitak erosi zituen madalenak, apirilaren 26an Bartzelonako Parc de la Ciutadellan izandako Fira de la Terra azokan, barruan droga zutela jakin gabe.
Madalenak jan eta bi ordura, umea ondoezik jarri zen, lurrera erori, eta kolpe handia hartu zuen buruan. Anbulantzia batek ospitalera eraman zuen.
Ospitale berean, halaber, antzeko sintomak zituen emakume bat artatu zuten: zorabioak, desorientazioa eta bihotz taupada biziak. Emakumeak berak esan zien medikuei marihuanaz egindako gaileta batzuk jan zituela.
Medikuek abisua eman zuten, eta Esquadra Mossoek saltzaileak identifikatu zituzten azokan. Marihuana usaineko txokolatezko gailetak saltzen ari ziren bi emakume ziren , eta polizia-egoitzara eraman zituzten.
Saltzaileek deklaratu dute neskatoaren aitak bazekiela madalenek marihuana zutela, baina aitak ukatu egin du.
Bi atxilotuei osasun publikoaren aurkako delitua eta lesio delitua leporatu diete, madalenek zuten substantziaz ez informatzeagatik.