Gizartea -
Migrazio politika
140 bat etorkinek Melillako hesia igarotzea lortu dute
500 bat etorkin Melillako hesia igarotzen saiatu dira bart. Halaber, beste 150 bat etorkinek hesiaren gainean eman dituzte sei ordu.
Erredakzioa
500 bat etorkin Melilla eta Maroko banatzen dituen hesia indarrez gainditzen saiatu dira bart, EFEri Poliziak jakinarazi dionez. Horietatik, 140 bat etorkinek hesia igarotzea lortu dute.
Hesiaren hainbat puntutan saiatu dira aldi berean. Marokotik Melillara igarotzea lortu ostean, etorkin horiek Behin-Behineko Egonaldietarako Etorkinen Zentrora abiatu dira.
Halaber, beste 150 bat etorkinek Melillako hesiaren gainean eman dituzte orduak. Bitartean, Guardia Zibileko agente mordoa zabaldu dute bertan.
EFEren arabera, hainbat etorkin Marokoko hesian zeuden, beste hainbat bi hesien artean, eta baten bat kaleko argi baten gainean zegoen.
Bai Melillako aldean bai Marokoko aldean ere, polizia-operatibo handia egon da martxan. Izan ere, zenbait guardia zibil bi hesien artean jarri dira, etorkinak bertatik jaisteko asmotan.
Azkenean, sei ordu igaro ostean, etorkinak hesitik jaisten hasi dira apurka-apurka. Bitartean, "gora Espainia", "askatasuna" edo "gora Mariano Rajoy" bezalako oihuak bota dituzte. Etorkinak bertatik botatzeko operatiboan, agente ugarik hartu dute parte.
Ordu hauetan tentsioz beteriko uneak bizi dira etorkinen eta agenteen artean, baten batzuek borra edo kaskoa kendu dietelako.
Erasoak
Joan den martxoaren 18tik Melillan sartzeko eraso handienetarikoa da gaurkoa.
Halaber, Melillako hesia zeharkatzeko azken saoia joan den apirilaren 24an izan zen. Orduan, 30 bat etorkin hesiaren goiko aldera igo ziren, eta horietatik 10 batek Melillara heltzea lortu zuten. Halaber, apirilaren 3an, Saharaz hegoaldeko beste hamar bat etorkinek hesiaren gainean eman zituzten ordu batzuk.
Joan den apirilaren 25ean Ceuta eta Melillako hesiak hobetzeko larrialdi-prozedura onartu zuen Ministroen Kontseiluak. Gauzak horrela, 2,1 milioi euroko aurrekontua onartu zuen, erasoak ekiditeko asmoz, bi hesien arteko sare bat jartzeko.
Muturreko migrazio politika jasotzen ari da Melilla, eta, horren ondorioz, alertan daude une oro Estatuko segurtasun indarrak.