Gizartea -
Heriotza zigorra
Bihotzekoak jota hil da, exekuziorako injekzioak arazoak eman ostean
Oklahomako estatuak bertan behera utzi zuen arratsaldean egiteko zen exekuzio bat, herio-injekzioarekin arazoak izan zituztelako. Ordubete lehenago, modu desegokian jarri zioten preso bati.
Clayton Lockett presoa heriotza zigorrera kondenatuta zegoen, eta bihotzekoak jota hil da Oklahoman. Kondenatuari eman beharreko injekzioarekin arazoak izan zituzten; hortaz, estatuak bertan behera utzi zuen ondoren egitekoa zen beste exekuzioa. Izan ere, presoari modu desegokian jarri zioten injekzioak. Dardarak eragin zizkion, eta arnasestuka hasi zen, hainbat lekukok adierazi dutenez.
Egun horretan bi exekuzio egin behar zituzten, eta lehena zen hori. Polemika bizia piztu zen aurretik, Oklahomako Gorte Gorenak bertan behera utzi baitzituen iragan astean bi exekuzioak, injekzio hilgarrietan erabiltzen diren osagaien inguruko informazio eske.
Clayton Lockett da hildakoa: 19 urteko emakume bat hil zuen tiroz. Berak eta beste bi gizonek emakume hori bahitu zuten 1999an. Bestea Charles Warner da; 11 hilabeteko ume bat bortxatu eta hiltzeagatik kondenatua.
Lekukoek azaldu dutenez, exekuzio aretoan, "urduritasunez betetako eszena bat" bizi zuten, Lockett hiltzeko erabili zuten droga ez ziotelako ondo jarri, The New York Times egunkariaren arabera. "Lardaskeria hutsa izan zen", azaldu du hildakoaren abokatuak.