Gizartea -
Drogaren aurkako operazioa
28 lagun atxilotu eta 4 kilo droga atzeman dituzte Nafarroan
Euskal Herrian eta Kantabrian droga banatzen zuten talde batzuetako kideak atxilotu omen dituzte.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak droga (4 kilo baino gehiago) atzeman, eta 28 pertsona atxilotu ditu Nafarroan droga trafikoaren kontra egindako operazioan. Atxilotuak Euskal Herrian eta Kantabrian droga banatzeko talde batzuetako kideak omen dira.
Poliziak 2.500 gramo speed, 750 gramo kokaina, 250 gramo haxix, 30 gramo MDMA, 95 pilula LSD eta beste substantzia baten 2.500 gramo atzeman ditu.
2013ko uztailean hasi zen operazioa, sanferminetara droga banatzera joan ziren hiru lagun atxilotu zituztenean. Atxiloketa horiek egin ostean, lau miaketa egin zituzten eta 25.000 euro, pistola simulatu bat eta droga ugari atzeman zituzten.
Ikerketari jarraituz, droga manipulatzeko laborategi bat aurkitu zuten Ezkirotzen.
Urrian beste lau pertsona atxilotu zituzten; Iruñeko kartzelan droga sartzen zuen 37 urteko gizonezko bat, tartean.
Ikertzaileen lanaren ondorioz, ikertzeko bide berriak ireki ziren, eta kokaina banatzen omen zuten hiru lagun atxilotu zituzten. Azkenik, Bartzelonatik Iruñera trenez zihoazen bi kolonbiar ere atxilotu zituzten.