Gizartea -
Gertakaria
Bi gizon hil dira Esquadra Mossoen eskuetan, hiru orduan
Bartzelonan eta Saloun gertatu dira ezbeharrak. Poliziak ikerketa abiatu du, jazotakoa argitzeko.
Erredakzioa
Bi gizonezko hil dira Katalunian, hiru orduko tartean, Esquadra Mossoek atxilotu dituztenean.
Lehen kasua Bartzelona hiriburuan jazo zen atzo arratsaldean. Molina plazako lokal baten jabeak Poliziari deitu zion gizonezko bat terrazako bezeroei molestatzen ari zela salatzeko, eta mossoak bertaratu eta gizona atxilotu zutenean gertatu zen ezbeharra. Hildakoa Alfonso Bayard aktore eta bikoizle kataluniarra da, oso ezaguna Katalunian TV3 telebista publikoko "Kubala, Moreno y Manchon", Temps de Silenci", "La Riera" eta "El Cor de la Ciutat" telesailetan parte hartzeagatik.
Halaber, Espainiako telebista kateetan eta zineman ere lan egin du, hala nola, "Hospital Central" eta "Aida" telesailetan, eta Lo Bueno de Llorar, Fuerte Apache edota Hypnos filmetan.
Patruila bateko bi agente gizonezkoa identifikatzera joan ziren, baina Bayarden jarrera oldarkorra ikusita, laguntza eskatu zuten. Azkenean, zazpi esquadra mossoren artean hartu zuten mendean. Eskuburdinak jarri ondoren, ondoezik sentitzen zela ohartarazi zien gizonezkoak eta agenteek anbulantzia bat eskatu zuten.
Atxilotua Bartzelonako Clinic ospitalera eraman zuten, eta han hil zen.
Hiru ordu geroago, 22:00etan, Saloun emakume bat laguntza eske zegoela jakin zuten Esquadra Mossoek. Haren etxera joanda, emakumeak zauri larriak zituela ikusi zuten, eta gizon bat, bikotekidea kolpeka zuela. Mossoak gizona atxilotzen saiatu zirenean, honek "jarrera oso bortitza" agertu eta eraso egin zien.
Eskuburdinak jarrita zituela, gizonak konortea galdu zuen, eta agenteak eta osasun-langileak suspertzen saiatu arren, bertan hil zen.
Emakumea ospitalera eraman zuten, gizonezkoak egindako zauri larriak artatzera.
Esquadra Mossoen Barne Gaietarako Taldeak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko.
Generalitateko Barne kontseilariak mossoen jokabidea babestu du
Ramos Espadaler Generalitateko Barne kontseilariak Esquadra Mossoek atzo hildako bi gizonen atxiloketan izandako jokabidea babestu du, oraindik jazotakoa argitzeko barne ikerketak irekita baldin badaude ere.
Kataluniako Gobernuak azaldu duenez, bi kasuetan bina ikerketa zabaldu dituzte: izaera judizialekoa, eta administratiboa.
Espadalerrek lasaitasun mezua zabaldu nahi izan die herritarrei. "Esquadra Mossoak, Generalitateko Barne Saila eta Generalitatea dira auzi horiek argitzeko interes gehien dutenak", azaldu du. Dena den, bi heriotza horiek "ezohikoak" direla nabarmendu du.