Gizartea -
Diputatuen Kongresua
PSOEk, Izquierda Pluralek eta Amaiurrek Garoña ixteko eskatu dute
PSOEk, koalizio abertzaleak eta Izquierda Pluralek transakzio-zuzenketa bat adostu dute, baina PPren gehiengo osoak atzera bota du.
Erredakzioa
PSOEk, Amaiur koalizio abertzaleak eta Izquierda Pluralek transakzio-zuzenketa bat adostu dute Diputatuen Kongresuan, Santa Maria de Garoñako (Burgos) zentral nuklearra behin betiko ixtea eskatzeko.
Koalizio abertzaleak eztabaida bultzatu du gaur Kongresuko osoko bilkuran. Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramaileak defendatu du ekimena Ganberan.
Amaiurren ekimenarekin bat egin dute sozialistek eta Izquierda Pluralek. Hiru taldeek testua adostu eta transakzio-zuzenketa sinatu dute, Espainiako Gobernuari Garoñako zentral nuklearra "berehala behin betiko ixtea" eskatzeko. Azkenean, baina, PPren gehiengo absolutuak testua atzera bota du.
Erabakia, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren eskuetan
Antonio Erias PPko diputatuaren hitzetan, Garoña ixteko erabakia "ez dagokio Gobernuari" eta "Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak erabaki beharko du".
"Beharrezko ez den zentral batekin Gobernua herritarren segurtasunarekin eta osasunarekin espekulatzen ari da", salatu du Errekondok legez besteko proposamena defendatzean.
Errekondoren ahotan, Gobernuak "legeak nahierara aldatzen ditu, elektrizitate enpresa handien esanetara dagoelako, eta Espainiako zortzi zentralen bizitza luzatzeko prest dago". "Erakunde guztiek eta Arabako gizarteak Garoña ixteko eskatu dute", erantsi du.