Gizartea -
Inkesta
BEC, Bizkaiko erakustazoka ezagunena
2004an martxan jarri zutenetik, Bilbao Exhibition Centrek 181 azoka, 986 emanaldi eta 134 ikuskizun hartu ditu.
Erredakzioa
Bizkaiko gizarteak Bilbao Exhibition Centre (BEC) ongi ezagutzen du; izan ere, % 99,4ko ospe indizea du. Bizkaitarrek gehien ezagutzen duten erakustazoka eta kontzertuetarako zentroa da, inkesta baten arabera.
Xabier Basañez BECko zuzendari nagusiak azterketaren datuak aurkeztu ditu. Erakustazokak hamar urte bete ditu eta 1.200 inkesta telefoniko egin dituzte BECen balorazio soziala aztertzeko. Inkestak otsailean egin zituzten.
Ikerketaren arabera, hamar urte hauetan BECek herritarren aurreikuspenak bete ditu eta kalitatezko ekitaldien "epizentroa" bihurtu da, Basañezek azpimarratu duenez. Bizkaian aberastasuna sortzeko "aktibo bat" dela uste dute bizkaitarrek, erantsi du Basañezek.
2004an martxan jarri zutenetik, Bilbao Exhibition Centrek 181 azoka, 986 emanaldi eta 134 ikuskizun hartu ditu. 20.027 erakusketarik parte hartu dute azoketan eta 9 milioi bisitari izan ditu BECek. Horrela, 754 milioi euroko inpaktu ekonomikoa sortu du erakustazokak.
Erakustazokari 7,78ko nota jarri diote erabiltzaileek. Inkestako datuak "oso onak" direla goraipatu du Basañezek. "Etorkizunean baikor izateko" arrazoi bat direla gaineratu du zuzendari nagusiak.