Gizartea -
Balorazioa
Denboraleek 23 milioi euroko kalteak utzi dituzte
Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak portuen eragingarritasuna eta hondartzak udarako berreskuratzea lehenetsi ditu.
Erredakzioa
Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak esan duenez, azken denboraleek 23 milioi euroko kalteak utzi dituzte. Portuetan eta udaleko ondasunetan izan dira kalte nagusiak. Gipuzkoan, 11,5 milioi euroko kalteak daude, eta horri astearteko denboraleak utzi zituen beste bi milioi gehitu behar zaizkio.
Oregi balorazioko bilera batean izan da eta lehentasunak ezarri ditu. Hainbat portu larriki kaltetu dira eta Hondarribiako, Pasaiako, Donostiako, Getariako, Zumaiako, Debako eta Mutrikuko kostaldeetan kalte larriak izan dira.
Azken bi asteotan hainbat bilera tekniko izan dira udalerri bakoitzaren eta foruko, estatuko eta autonomia mailako administrazioekin, kalteen baloraziorako fitxa teknikoak ezartzeko eta ondasunen inguruko konpetentziak finkatzeko. Horrela, portuen eragingarritasuna, hondartzen berreskuratzea eta pasealekuen segurtasuna lehenetsi ditu.