Gizartea -
Itsas denboralea
Zarautz, denboraleak gehien zigortu duen herria
Olatu indartsuen ondorioz, Zarauzko malekoia lau puntutan hondoratu da. Bestalde, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak azaldu duenez, kalteak espero baino "txikiagoak" izan dira.
Erredakzioa
Euskal kostaldeak azken orduetan jasandako denboraleak kalte handiak eragin ditu Zarauzko malekoian. Gipuzkoako herriko hondartzako lau puntu hondoratu egin dira.
Zarauzko Udaletik jakitera eman dutenez, atzoko 13:00etatik gaurko 09:00etara bitartean alarma gorrian izan den denboraleak kalte nabarmenak eragin ditu golf zelaian, hondartzatik gertu.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Zarautzera joan da, astearte honetan, kalteak noraino iritsi diren ikusteko eta Zarauzko Udalarekin lanak koordinatzeko.
Bestalde, Kostako Saileko ingeniariak eta teknikoak bildu egin dira, eta izandako kalteak konponduko dituztela adierazi dute, malekoiko lanak lehenbailehen hasteko prest azalduta.
Oraindik kalteak zehaztasunez zenbatu ez dituzten arren, dirudienez, hondartzatik gertu dauden tabernak eta dendak "nahiko ondo eutsi" diote, eta ez dute kalte handirik izan, beste denboraleekin ez bezala. Barrera moduan jarritako egurrek zerikusi handia eduki ahal izan dute.
Hala eta guztiz ere, malekoiko egitura "ukituta" geratu da, itsasoaren enbataren ondorioz, eta lau puntutan hondoratu da, besteak beste, Karlos Arguiñanoren jatetxearen hondartzarako sarbideko maldan.
Golf zelaiaren gunean, itsasoak bertan zeuden dunak desagertzea eragin zuen otsailaren 2ko denboralean, baina oraingo honetan "zelaiko zati bat ere eraman" du, iturriek azaldu dutenez.
Erakundeen arteko bilera egingo dute asteazken honetan erakundeek Donostian. Ana Oregi Ingurumen sailburuak parte hartuko du bertan. Bilera horretan azken denboraleek Gipuzkoan eragin dituen kalteak aztertuko dituzte. Mahai gainean txosten teknikoak jarri eta egin beharreko lanak lehenetsiko dituzte.
Izagirrek 'okerrena pasatu' dela esan du
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea pozik azaldu da astearte honetan, bere hitzetan, euskal kostaldea astindu duen olatu denboralearen "okerrena pasatu" delako, eta Gipuzkoako hiriburuan eragindako kalteak espero baino "txikiagoak" izan direla nabarmendu du.
Udaletxean dauden kazetariei egindako adierazpenetan, Izagirrek adierazi du, behin alerta gorria desaktibatuta, goizeko 09:00etan, olatu indartsuek eragindako kalteak ez dutela duela hilabete, otsailaren 2an, izandakoekin "zerikusirik".
Donostiako alkateak azaldu duenez, "unerik zailena" goizeko 06:30ean izan da, itsasgorarekin batera, baina olatuek eragindako kalteak "kostaldeko mugan" izan dira.
Halaber, "Zurriolako kai-muturra konpontzeko obrak" berehala hasteko eskaera egin du, "ekainerako dena prest" izateko asmoz.
Atzo, 11,1 metroko olatuak izan ziren Donostiako buian.
Bermeoko kai-muturra kaltetu du berriz itsasoak
Itsasoaren kolpeek Bermeoko kai-muturra kaltetu dute bi puntutan astearte honetan, eta azken denboralearen ostean jarritako hormigoizko bloke batzuk mugitu ditu, Udaletik jakitera eman dutenez.
Kalte horiek 06:00etako itsasgoraren ondorioz gauzatu dira, bart izandakoez gain. Denboralearen ondorioz, portua itxita mantentzea erabaki dute, Atetxaken gunean.
Errepide bat moztu dute Araban, eurite indartsuengatik
Arabako errepide bat moztu behar izan dute astearte honetan, eurite handiengatik Ulibarri urtegiko maila egonkortzeko.
Ondorio larriak Angelun
Iparraldean, Angelun, izan du eraginik handiena, itsas ekaitzak. Eta, ondorioz, inguruko herri etxeak hondamendi izendatzeko eskaria egin du.