Gizartea -
Istilu larriak Bilbon
Bilboko Udalak gaitzetsi egin du zerbitzuek jasandako 'kaltea'
PSE-EEk azalpenak eskatu dizkio Segurtasun sailburuari, herritarrek istiluetan izan zuten "segurtasun falta" dela eta.
Erredakzioa
Bilboko Udalak "erabateko gaitzespena" agertu du atzo foro ekonomikoaren harira gertatutako istilu larrien aurrean.
Bozeramaileen Batzordeak gaitzespen adierazpen bat adostu du gaur goizean, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin, eta atzo gertatutakoa "hiriak eta bertako merkataritzak historia osoan jasan duten indarkeria eta bandalismozko eraso bortitz eta larrienetako bat" dela deitoratu du bertan.
Udalak babesa agertu die erasoak jasan dituzten "merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzu sektoreari", eta Bilbon konfiantza izaten jarraitzea espero duela gaineratu du.
Jeltzaleek, sozialistek eta popularrek erasoen egileek "justiziaren aurrean erantzun dezatela" eskatu dute.
Bestalde, Jorge Aio BilbaoCentro elkarteko gerenteak atzoko istiluak "dramatikoak" izan zirela adierazi du eta "ibilbide bandaliko horretan" egindako kalteak deitoratu egin du. Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, Aiok esan du dendari eta langileek "tentsio-egoera" handia bizi izan zutela. Horrez gain, istiluek Bilboren irudiari kalte egin ziotela azpimarratu du. "Oso egun gogorra izan zen, ibilbide bandaliko horretan zeudean dendak horrela ikusteagatik". Denda batzuk itxi egin behar izan zutela gogoratu du Jorge Aiok eta, gaur ere, batzuk ez dituztela ateak ireki nabarmendu du.
Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak "ETB Hoy" saioan azaldu duenez, koalizio abertzaleak testua ez babestea erabaki du, garrantzi guztia istiluei ematea ez dela "bidezkoa" iritzita.
"Istiluak larriak izan ziren, baina garrantzia horri baino ez ematea interesatua da", esan du Ibaibarriagak. Izan ere, Bilbok goi-bilera ekonomikoa hartu izana deitoratu du, eta troikako agintariak ez direla euskal gizartean "ongietorriak" gaineratu du.
Segurtasun sailburuari "azalpenak" eskatuko dizkio PSE-EEk
Bestalde, istiluetan herritarrek pairatu zuten "babes faltagatik" azalpenak eskatuko dizkiote Legebiltzarrean sozialistek Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari.
Sozialistek hainbat galdera aurkeztu dituzte Legebiltzarrean. Ertzaintzak jasotako aginduak zeintzuk izan ziren argitzeko eskatu diote sailburuari, "segurtasun indarren aurkako kexak" jaso zirela jakin ondoren.
Gainera, Bilboko erdigunean izandako kalteak gaitzesteko legez besteko proposamena ere aurkeztu dute. Horretan, dendari, langile eta kaltetutako auzotarrei elkartasuna adierazteko eskatuko die PSE-EEk gainerako taldeei.
Aldundiak "kristal hautsien eguna" izan zela salatu du
Unai Rementeria Bizkaiko Aldundiko Presidentetza diputatuak ere gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta atzokoa "kristal hautsien eguna" izan zela salatu du.
Rementeriaren esanetan, indarkeria ekintzak bederatzi herritara hedatu ziren, "irudi tamalgarria emanda".
Kaltetutako autobusak 21 izan zirela gaineratu du. "Pintadak egin zituzten, eta, horregatik, ordezkatu egin behar izan genituen", esan du.