Gizartea -
Noos auzia
Poliziak infantaren deklarazioaren grabazioa salatu du epaitegietan
Horrez gain, argazkiaren eta astelehenean ateratako bideoaren jatorria zein den argitzeko abian jarritako izapideen berri eman du.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak Cristina infantak Noos auzian inputatu gisa egindako deklarazioaren ezkutuko grabazioa salatu du Palmako Instrukzioko 11. zenbakiko epaitegian. Epaileak grabaziorik egitea debekatu zuen deklarazioaren aurreko egunetan.
José Castro Noos auziko epaileak El Mundo egunkariak argitaratutako argazkiaren egilea zein zen ikertzeko eskatu zion Poliziari, eta segurtasun indarrek beraiek eman dute atestatuaren berri epaitegian. Horrekin batera, argazkiaren eta astelehenean ateratako bideoaren jatorria argitzeko abiatutako izapideen berri eman du Poliziak.
Halaber, Poliziak izapide batzuk abian jartzeko eskaera egin du. Izapide horiek Manuel Penalba guardiako epaileak berak eska ditzake, beharrezkoak direla iritziz gero, auzia epaitegi zehatz baten ardurapean egon arte itxaron barik.
Poliziak emandako pausoaren ondorioz, Castrok agindutako ikerketa epai bidean jarri dute.
Cosidok delitutzat jo du infantaren bideoaren grabaketa
Ignacio Cosido Polizia Nazionaleko zuzendari nagusiak delitutzat jo du Palmako auzitegietan infanta Cristinaren deklarazioaren bideoa grabatzea.
"Grabazioak ez egiteko agindu judizial bat zegoen eta azkenean bat izan dela da egia, horregatik epaileak beharrezkoak jotzen dituen neurriak hartuko ditu. Azkenean delitua da epailearen instrukzioei desobeditzea", nabarmendu du.