Gizartea -
Noos auzia
Infantaren deklarazioaren bost minutuko bideoa eskegi du 'El Mundo'k
Eskegitako bideo horretan, hainbatetan esaten du infantak galdetutakoa ez duela gogoratzen. Bideoa grabatu duen pertsonak kamera hainbat alditan mugitu eta ezkutatu egiten du.
Erredakzioa
El Mundo egunkariak Cristina infantaren deklarazioaren bost minutuko bideoa eskegi du bere web orrian. Bestalde, Jose Castro Noos auziko epaileak atzo egunkari horrek argitaratutako argazkia ikertzeko agindu du dagoeneko.
Bideoan, Castro epailearen aurrean infantak egindako deklarazioaren zati bat ikusten da. Cristinak epailearen galderak erantzuten dituen bitartean, kalean dauden protestak eta oihuak ere entzuten dira bertan.
Noos Institutuaren jardueraren inguruan galdetzen dion bitartean, pantaila batean dokumentuak eta posta elektronikoak erakutsi zizkion epaileak infantari, eta galderei ez erantzutea erabaki dezakeela gogoratu zion Juan Carlos I.a Espainiako erregearen alabari.
El Mundo egunkariak bere webean eskegitako bideo horretan, hainbatetan esaten du infantak galdetutakoa ez duela gogoratzen. Bideoa grabatu duen pertsonak kamera hainbat alditan mugitu eta ezkutatu egiten du.
Noos auziko epaileak esan du bideo hori areto barruan grabatu izana "kalifikaezina" izan dela. Epaitegira iritsi denean, Castrok esan du bideoa nork grabatu zuen "susmatzen" duela, baina ezin duela gai horri buruz oraindik ezer esan.
Rocak atsekabea agertu du
Miquel Roca Cristina infantaren abokatuak, bestalde, atsekabea agertu du, Castro epailek debekatu arren ''norbaitek'' irudiak filtratu dituelako. ''Ez da sekretua errespetatu'', gaineratu du. Horren ildotik, ''mekanismoa hautsi' duenaren jarduera baloratzea epaileari dagokiola esan du.
Bestalde, infantaren deklarazioarekin ''oso lasai'' dagoela azpimarratu du, eta 'Noos auzia' ''inolako presiorik gabe'' argitzea espero duela ere esan du. ''Gure aldetik, behintzat, ez da halakorik egongo'', gaineratu du.