Gizartea -
Desagerpena
Epaileak ez die Hodeiren desagerpena egotziko atxilotuei
Hodeiri diruzorroa eta telefono mugikorra lapurtu izana bai aitortzen dute atxilotuek, baina ez bere desagerpenarekin zerikusirik izatea.
Hodei Egiluzen desagerpenaren auzia daraman epaileakkasua Anbereseko Fiskaltzari pasatzea erabaki du.
Halaber, ez die lau atxilotuei (horietako hiru kartzelan daude) gaztearen desagerpenarekin erlaziorik izatea leporatuko. Hodeiri diruzorroa eta telefono mugikorra lapurtu izana bai aitortzen dute atxilotuek, baina ez bere desagerpenarekin zerikusirik izatea.
Epaileak dio ia lau hilabete eman dituztela espetxean, baina ikerketek ez dutela frogatu Hodeiri gertatutakoarengatik inputatuak izan beharko zirenik. Halere, atxilotuek hilabete gehiago eman beharko dute baldintzapeko espetxealdian.
Armak erabilita lapurtu izanagatik epaituko dituzte laurak, baina Hodeiren desgarpenarengatik ez dute kartzelan jarraituko.
Ez aurrera ez atzera
Ikerketa ez aurrera ez atzera egiten ez duela ikusita auzia hiriko Fiskaltzaren eskuetan uztea erabaki du epaileak, Ministerio Publikoko bozeramaile batek jakitera eman duenez.
Ikerketan aurrera egiteko biderik ez du ikusten epaileak, eta erabaki hori hartu du. Anbereseko Fiskaltzak txostena aztertu eta "hurrengo pausoak" zehaztuko ditu orain.
Bozeramaileak azaldu duenez, Fiskaltzak beste epaile bat izendatu dezake ikerketarekin aurrera jarraitzeko edo lau susmagarriak lapurretagatik epaitzea erabaki dezake.
Ikerketako iturriek adierazi dutenez, ikerketa aurrera eramateko "dena egin dute", baina atxilotuen eta Hodeiren desagerpenaren arteko loturarik ez dute aurkitu.
Hala ere, gaztea "gertakari kriminal baten biktima" izan dela esateko zantzuak daudela uste dute agintariek. Ondorioz, "ez zen nahita desagertu", Fiskaltzak behin baino gehiagotan adierazi duenez.