Gizartea -

Denboralea

Haize-bolada bortitzek lau pertsona zauritu dituzte Bizkaian

Haizea dela eta, suhiltzaileek lan handia izan dute, eroritako harri, adar, zuhaitz, txintxor eta teilak eta hautsitako kristalak kentzen.

Artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
Lau pertsona zauritu ditu haize bortitzak

1:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau pertsona zauritu dira arratsaldean Bizkaian (Bilbon, Barakaldon eta Portugaleten), eta horietako hiru ospitalera eraman behar izan dituzte, haize-bolada bortitzak direla eta erori diren objektuek harrapatuta.

Bi pertsona zauritu dira Bilbon eta Barakaldon, fatxaden zatiak jota, Euskadin azken orduotan izaten ari diren haize-bolada indartsuen ondorioz. Urduñan, 19:00etan,  151,7 km/h-ko boladak neurtu dituzte.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 19:30ean, Bilbon, Askatasun kalean, fatxada bateko zati bat erori da, eta gizonezko bat jo du. Basurtuko ospitalera eraman dute, sorbaldan zauri arinak egin baitizkio.

20:00ak baino zertxobait lehenago, Barakaldon, Nafarroa kaletik zihoan pertsona batek min hartu du hankan, fatxada bateko zati batek jota.

Barakaldon, 21:00ak aldera, emakume bat zauritu da. Haizeak lurrera bota du, eta ospitalera eraman behar izan dute, zaurituta.

Laugarrena Portugaleten zauritu da, 20:10ean, Gregoriano Uzquiano kalean. Haizearen eraginez, edukiontzi bat irauli da, eta oinezko bat harrapatu du. Zerbitzu medikoek bertan artatu dute, eta ez dute ospitalera eraman behar izan.

Zenbait hegaldi, bertan behera

Haize denboraleak Alacantetik Loiura (Bizkaia) zetorren hegaldi bat Zaragozara desbideratzea eragin du. Madriletik Bilboko aireportura zetorren beste batek ere itzuli egin behar izan du, eta Paristik zetorrena Biarritzera (Frantzia) desbideratu dute.

Bestalde, Gurutzetako Ospitaleko fatxadaren estalduraren zatiak erori dira A-8ra. Minutu batzuez, autobideko bi errei itxi behar izan dituzte, xaflak errepidetik kendu arte, eta zirkulazioa beste bietatik bideratu dute.

Haizeak 30 gertakari baino gehiago eragin ditu, eta suhiltzaileek lan handia izan dute egun osoan, batez ere Bilbon eta Ezkerraldean. Txintxorrak, adarrak, zuhaitzak eta beste objektu batzuk erori dira kaleetan.

Bilboko kale batzuetako bizilagunak argindarrik gabe geratu dira behin baino gehiagotan, eta kale nagusietako semaforoek arazoak izan dituzte, Autonomian esaterako.

15:00etatik 24:00etara, kirol ekitaldi guztiak bertan behera utzi ditu Bilboko Udalak, badaezpada.

Haize-bolada bortitzak

Arratsaldean, Euskalmetek 95 kilometro orduko haize-boladak erregistratu ditu Deustun.

Boladek 151,7 kilometro orduko abiadura harrapatu dute Matxitxako lurmuturrean eta Urduñan, 141,8  kilometro orduko abiadura Zugaztietan eta 135,8 kilometro ordukoa Karrantzan, Cerrojako estazio meteorologikoan.

Alerta laranja gauerdian bukatu da, baina abisu horiak jarraituko du asteazken eguerdira arte, haizea dela eta. Asteazkenean, kostaldean alerta laranja ezarriko dute berriro, 7 metroko olatuak espero baitira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak