Gizartea -
Ustezko iruzurra Andaluzian
UGT Euskadik jasotako akusazioa ukatu eta Ayalarekin kolaboratuko du
Sindikatuak mezua zabaldu du, epaileak UGT eta CCOO sindikatuek Andaluzian eta Euskadin dituzten zazpi federaziotako banku-kontuen inguruko informazioa eskatu eta gero.
Erredakzioa
Andaluzian enplegu-erregulazioko espedienteen auzian Guardia Zibilak aipatu dituen diru-sarreren berri ez duela esan du UGT-Euskadik, eta, susmo guztiak argitze aldera, Mercedes Ayala epaileari behar duen laguntza guztia emateko prest agertu da.
UGTk ohar baten bidez eman du horren berri, Ayala epaileak atzo, astelehena, UGT eta CCOO sindikatuek Andaluzian eta Euskadin dituzten zazpi federaziotako banku-kontuen inguruko informazioa eskatu eta gero.
Guardia Zibilak egindako txosten batean oinarrituta abiarazi du ikerketa Ayala epaileak. Ikerketaren arabera, enplegu-erregulazioko espedienteen bitartekariek zegozkienak baino komisio handiagoak eskatu zizkioten Andaluziako Juntari; 18,06 milioi eurokoak, guztira.
UGT-Euskadiren arabera, baina, sindikatuak ez du Guardia Zibilak aipatutako diru-sarrera horien berri. Txostenean agertzen denez, UGT-Euskadiren kontuetan "5.016,64 euro sartu zituen Vitalicia Vidak".
Horren aurrean, sindikatuak "kontu korronteetarako sarbidea eta, behar izanez gero, kontabilitatea" helaraziko dio Sevillako 6 zenbakiko Epaitegiari, "epaileari laguntzeko eta ikerketan sortutako susmoak ahalik eta arinen argitzeko".
Euskadiko CCOOk, bere aldetik, atzo bertan jakinarazi zuen "inolako arazo barik" igorriko diola epaileari sindikatuaren kontabilitatea.
Bertatik esan dutenez, sindikatuak "ez dauka inolako arazorik behar denean kolaboratzeko, eta kontabilitatea argitzeko eskatzen dioten informazio guztia emango du".