Gizartea -

Eguraldiaren iragarpena

Alarma gorriari eta olatuei aurre egiteko neurriak, kostaldean

Larunbatean euri zaparrada handiak botako ditu, elur-kota jaitsi egingo da eta alarma gorria jarri dute olatuengatik igandean. 7 metroko olatuak aurreikusi dituzte, eta elurra, berriz, 500 metroan.

Euria Iruñean. Argazkia: Efe
Euria Iruñean. Argazkia: Efe
Alarma gorria ezarriko dute Euskadin, itsaso zakarra dela eta

0:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egunotako eurite, uholde, ekaitz, elurte eta kostan kalte handiak eragin dituen olatuen ostean, larunbatean berriro jaitsiko da tenperatura eta gogotik botako du euria, Euskalmeten arabera. Gainera, alerta laranja jarriko dute berriro, olatu handiengatik, eta igande goizaldean, alarma gorria piztuko dute itsaso gaiztoa dela eta.

Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du berriz larunbatean, arratsaldean 6 metro baino gehiagoko olatuak izan litezke eta. Elurraren kasuan, abisu horia ezarriko dute berriz ere; izan ere, elur-kota jaisten joango da eta 600 metrora kokatuko da egunaren azken orduetan.

Bestalde, igande goizaldeko hiruetatik bederatzietara alarma gorria piztu dute kostan, olatu handiengatik. 7 metroko olatuak aurreikusi dituzte, eta euskal kostaldean hasi dira egoerari aurre egiteko neurriak jartzen.

Donostiako Udalak ''zentzuz jokatzea'' eskatu du

''Arretaz eta zentzuz'' jokatzea eskatu die Donostiako Udalak olatuak ikusteko asmoz kostaldera hurbilduko diren herritarrei eta ''nahigabeak'' ekiditeko agintarien argibideen jarraitzea eskatu du.

Berriz ere babeserako hesi altua jarri dute Kursaaleko zubian eta, egoeraren arabera, baliteke zubi hori eta Mundaizekoa ere ixtea. Berriz ere jarri dituzte harea-zakuak Parte Zaharrean eta baliteke kostaldetik hurbilen dauden zonaldeak autoz hustea.

Udalak jakinarazi duenez, ''prest ditu neurri guztiak'', baina ''herritarren parte-hartzea ezinbestekoa'' dela gogoratu du.

Itsasotik gertuko zonaldeak itxiko dituzte Getxon

Larunbatean, 15:00etatik, itxi egingo dituzte Getxon itsasotik gertuen dauden zonaldeak.

Hala, oinezkoentzat itxi egingo dute Ereagako nasa, Ereagako hondartzako pasealekua eta Arrigunaga eta Azkorri hondartzak. Ibilgailuen joan-etorria ere eten egingo duten zenbait tokitan, eta Portu Zaharrerako oinezkoen sarrera kontrolatu egingo dute. Neurri hauek zorroztu egingo dituzte igande goizaldean.

Halaber, ontziak ez erabiltzea, amarradurak begiratzea, uretan kirolik ez egitea eta kostaldetik gertu dauden errepideetatik ez ibiltzea gomendatu dute.

Bermeoko portua, itxita

Bestalde, Bermeoko (Bizkaia) portu ontzientzat itxita egongo da larunbat arratsaldetik astelehenera arte.

Euskadiko gainerako nasetan ere neurriak abiatu dituzte egoerari aurre egiteko. Oinezkoei itsasoak astintzen duen tokietan ez ibiltzeko eskatu diete, joan den asteartean Ondarroan izandako ezbeharraren tankerako istripuak ekiditeko. Izan ere, 43 urteko senegaldar bat hil zen bertan, olatu baten harrapatuta

Iragarpena

Larunbatean, isurialde atlantikoan gogotik egingo du euria. Egunaren lehengo partean bereziki egingo du euria. Arratsaldean ostarteak zabalduko dira, baina zaparradak botako ditu tarteka. Bestalde, ezin da erabat baztertu zaparrada trumoitsuren bat edo beste botatzea. Orduak igaro ahala, elur-kota gero eta beherago egongo da; goizean goiz, 1.300 metrora, eta, gauean, 600 metrora ere jaitsi daiteke. Goizetik aurrera, haizeak ipar-mendebaldeko norabidea hartuko du, eta bolada oso gogorrekin joko du kostaldean. Egunez tenperaturak behera egingo du nabarmen, eta gauean, barnealdeko zenbait tokitan, izotza egingo du.

Igandean, eguraldiak hobera egingo du goizean goizetik. Egunaren lehen orduetan, zerua hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu ipar partean, bereziki ekialdean; hau da Gipuzkoan, Nafarroa iparrean eta Ipar Euskal Herrian. Goizean, ostarteak zabaltzen hasiko dira, eta arratsaldean, hegoaldean batez ere, giro argia izango da. Goizean bertan, haizeak hegoaldeko norabidea hartuko du, eta gauean, zakartu egingo da. Goizaldean, giroa hotzagoa izango da, eta izotza barnealdeko toki askotan egingo du. Beroenak, berriz, larunbatekoak baino pare bat gradu altuagoak izango dira.

Astelehenetik aurrera, tenperaturak gora egingo du apur bat, baina euria botatzen jarraituko du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea