Gizartea -

Kolonbian desagertuta

Saria eskaini dute Borja Lazaroren datu fidagarrien truke

Venezuelako Poliziak ikerketan parte hartuko duela adierazi du. Duela 24 egun desagertu zen argazkilari arabarra.

24 egun igaro dira Borja Lazaro desagertu zenetik. EiTB
24 egun igaro dira Borja Lazaro desagertu zenetik.
24 egun igaro dira Borja Lazaro desagertu zenetik. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako agintariek saria eskaini dute Borja Lazarori buruzko datu fidagarrien eta egiaztatuen truke. 34 urteko gasteiztarra urtarrilaren 7an desagertu zen La Guajiran, Kolonbian.

Roberto Martinez familiaren bozeramaileak azaldu duenez, Lazaro desagertu zen zonaldeko agintariak dirua eskaintzea erabaki du, argazkilariaren inguruko datu berriak lortzeko asmoz.

Gainera, Venezuelako Poliziak Kolonbiako agenteen ikerketan parte hartuko duela adierazi du, Venezuelako mugatik gertu desagertu baitzen Lazaro.

Desagertuaren familiarentzat, Venezuelako Poliziak kasuarekin bat egitea "itxaropena" mantentzeko arrazoia da. "Zenbat eta aditu gehiago aritu kasua argitzen, orduan eta aukera gehiago daude arrakasta lortzeko", adierazi du Martinezek.

24 egun pasatu dira Lazaro desagertu zenetik. Cabo de Vela herrian zegoen, ahulenen egoera salatzeko argazki erreportaje bat egiten.

Momentuz, hipotesi guztiak zabalik daude: Bacrim talde kriminal armatuek bahitu izana, ibiltzera joan eta galdu izana, baita igeri egitera joan eta ito izana ere.

Urtarrilaren 7tik 8rako gauean Borja Lazarorekin egon ziren pertsonekin hitz egin dute ikerlariek, baina ez dute hizketaldien inguruko informaziorik eman.

Familiari jakinarazi diotenez, ezin izan dute Lazaroren mugikorraren arrastoa jarraitu, ez baitzuen GPSrik. Dena dela, urtarrilaren 7tik zenbaki horretatik deirik egin ote den egiaztatu behar dute orain.

Lagunen eta gertukoen itxaropenak bizirik dirau bilaketak jaso duen errefortzuarekin, Kolonbiako Enbaxada Espainiarraren babesarekin eta sare sozialetako kanpainak lortu duen indarrarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea