Gizartea -

LOMCE

Urkullu: 'LOMCEk parean izango gaitu, euskal ereduaren defentsan'

Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza sailburuak, bestalde, LOMCE legea ezartzeko dauden “presak” deitoratu ditu

Iñigo Urkullu eta Cristina Uriarte Peñaflorida institutuan. Argazkia: EFE
Urkullu LOMCE EFE
Urkullu: 'Aurre egingo diogu LOMCE legeari'

0:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak baieztatu duenez, “LOMCE legeak aurrean izango du euskal Gobernua, euskal ereduaren defentsan”. “Oinarrian eta moduan onartzeko baldintzarik ez dago, ez eta ezarri nahi den denboran ere”, azpimarratu du lehendakariak.

Donostiako Peñaflorida institutuaren eraikin berrira egindako bisitan egin ditu adierazpen horiek Urkulluk. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua ere bertan izan da.

Lehendakariak nabarmendu duenez, “hezkuntza komunitatearekin elkarlanean, hezkuntza sistemaren efizientzia eta kalitatea bilatzen duen apustu estrategikoa egiten ari da EAJren Exekutiboa”.

“Hori da guk defendatzen dugun eredua, LOMCE legea bezalakoen aurrean. Inposaketaren bidez jaio da, beharrezkoa den kontsentsurik gabe. PPren kontsentsua soilik du. Hori da Eusko Jaurlaritzak salatu duena”, azpimarratu du.

“Hezkuntza erreforma ezarri nahi izanda ere, ez dago onartzeko baldintzarik, ez baitago oinarririk, ez modurik, ez edukian, ez eta ezarri nahi den denboran ere”, esan du.

Lehendakariak nabarmendu duenez, “hezkuntza komunitatearekin elkarlanean osatutako eredua defendatu du Gobernuak”. “Hori da azken 30 urteetan erabili dugun eredua, euskal gizarteari kalitatezko zerbitzua emateko jaio zena”, amaitu du.

LOMCE legea ezartzeko dauden presak deitoratu ditu Iribasek

Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza sailburuak, bestalde, LOMCE legea ezartzeko dauden “presak” deitoratu ditu. Sailburuaren aburuz, “patxada gehiago eta trantsizio lasaiagoa beharko luke” prozesuak.

“Iraila bitartean ezarriko ez den curriculum bat moldatzeko dauden presak ez ditut ulertzen”, adierazi du Iribasek.

Erkidegoekin izandako bileraren inguruan, Iribasek azaldu du “hainbat erkidego aurretik bildu” zirela, eta zenbaitzuk “erreboltaz ere” hitz egin zutela. “Gehiago edo gutxiago gusta dakiguke legea, baina Espainiako Gorte Nagusiek onartu dute, eta espainiarrak eta demokratak garenez, legea indarrean sartzen denean ezarri egingo dugu”, esan du.

“Hori bai, Nafarroan dugun proiektuari egokituta ezarriko dugu. Emaitza onak eman dizkigu eta ekitatea eta bikaintasuna bilatzen ditu”, azpimarratu du.

Sailburuak guraso eta ikasleentzat “aldaketa handirik” ez dela izango aipatu du, eta datorren ikasturtean ezarriko den curriculuma “antzerakoa, ia berdina” dela esan du. Testu liburuetan aldaketak ekidingo dituztela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE