Gizartea -
Elurra Araban
Arabako errepideen egoerak hobera egin du
Herrera itxita dago, eta kateak behar dira Opakuatik eta Urduñatik zirkulatzeko.
Erredakzioa
Elurrak arazo ugari sortu du gaur goizeko lehen orduetan, baina egoera bere onera etortzen hasi da egunak aurrera egin ahala.
11:00etan, mendate bakarra zegoen itxita, Herrera, baina goizean, guztira, lau izan dituzte itxita.
Gainera, Opakua eta Urduña itxita dituzte kamioiek eta ibilgailu artikulatuek, eta autoek kateak behar dituzte bertatik zirkulatzeko.
Honako mendateetatik arreta handiz gidatzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak: Araban, Altube, Aiurdin, Azazeta, Barrerilla, Bernedo, Garate, Gatzaga, Gasteizko mendatea, Kruzeta eta Zaldiaran; Bizkaian, Areitio, Barazar, Dima, Kanpanzar eta Urkiola; eta Gipuzkoan, Arantzazu, Elosua eta Etxegarate.
Eguraldiaren aurreikuspena
Euskalmeten arabera, euri ugari egingo du gaur kostaldean, batik bat gau partean, baina barnealdean euriteak eskasak eta ahulak izango dira.
Elur-kota igotzen joango da, eta 1.000 metrora kokatuko da gauean.