Gizartea -

Erkidegoekin bilera

DBHn eta Batxilergoan bakarrik atzeratu du Wertek LOMCEren garapena

Oinarrizko Lanbide Heziketan eta Lehen Hezkuntzan aurrera egingo du, eta irailean jarriko dute martxan. Lanbide Heziketa finantzatzeko 2.000 milioi izango dira, zati bat Europar Batasunak ordainduta.

Wert Legearen garapena atzeratu dute DBHn eta Batxilergoan

1:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

DBHn eta Batxilergoan bakarrik atzeratu du Wertek LOMCE legea garatzea, eta, beraz, aurrera egingo dute Lehen Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan curriculuma garatzen. Wert Legea 2014-2015 ikasturtean jarri behar dute martxan Lehen Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan; 2015-2016 ikasturtean, berriz, DBHn eta Batxilergoan. Gaur bigarren tarte horietako curriculumen garapena atzeratzea onartu du ministroak, baina, edonola ere, aurten jorratzeko asmoari eutsita.

Autonomia erkidegoetako Hezkuntza arduradunek ministroarekin bilera egin dute asteazken honetan Madrilen. Wertek bertan iragarri  dienez, Oinarrizko Lanbide Heziketa finantzatzeko 2.000 milioi euro izango dira. Horietatik 1.200 Europako Gizarte Funtsak jarriko ditu, eta gainerako 800 milioiak Estatuko Aurrekontu Orokorren bidez finantzatuko dituzte.

Epeak betetzea ez da ezinezkoa, Wertek hitzetan

Batzarra bukatuta, Wertek esan du erkidegoen "gehiengo argi" baten ustetan ezarritako epeak betetzea posible dela. Erkidegoek "Legea garatzeko" izango dituzten zailtasunak ulertzen dituela adierazi du ministroak, baina egutegia betetzea ezinezkoa ez dela esan du.

Kritika guztiak "errespetatu" arren, ministroak azpimarratu du "hain justu ere" Lomceren kontra erabat azaldu eta erreforma bertan behera utzi nahi duten erkidegoek esan dutela egutegia betetzea ezinezkoa dela.

Konstituzionaleko helegiteak ez luke erreforma atzeratuko, Uriartek azaldu duenez

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, bestalde, "euskal hezkuntza sistemari'' eutsiko zaiola berretsi du, baina ''intsumisiorik gabe''.

Bileraren ondoren, sailburuak azpimarratu du erreforma aurten ezartzea ezinezkoa izango dela, eta hala helarazi diola ministroari.

Egoera, ordea, ''etsigarria'' dela esan du sailburuak, eta etsipen hori berretsi du Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan. Bertan, ministroaren jarrera ''zurruna eta burugogorra'' dela azpimarratu du, eta erreforma abiatzeko zailtasunak azaldu ditu. "Gutxienez 9 hilabete behar dira dekretu on bat egiteko", adierazi du.

"Gure sistemari eusteko neurri legal guztiak erabiliko ditugu", ziurtatu du Uriartek. Martxoa arte Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko epea dagoela azaldu du, eta dagoeneko aukera hori aztertzen ari direla gaineratu du. Edonola ere, helegiteak ez luke erreforma atzeratuko, Uriartek azaldu duenez.

Bost erkidegoren protesta

Bilerara sartu aurretik, EAEko, Andaluziako, Asturiasko, Kanarietako eta Kataluniako Hezkuntza arduradunek prentsaurrekoa eman dute elkarrekin, Hezkuntza lege berriaren kontra daudela agertu, eta datorren ikasturterako martxan jartzea "ezinezkoa" dela jakinarazteko.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak bertan azpimarratu duenez, Lomceren kontra dauden bost erkidegoetan daude Estatuko ikasleen % 52: "Ez dugu hitz egiteagatik hitz egiten, Lomceren kontrako kritika defendatzeko ardura sentitzen dugu".

Atzo, Cristina Uriartek esan zuen Jaurlaritzak ez dituela testuliburuak datorren ikasturterako aldatuko, irailerako testuak egokitzea ezinezkoa delako. Uriarteren esanetan, ezin dira liburuak aldatzen hasi "zehazki zer aldatu behar den jakin aurretik"; izan ere, Espainiako Gobernuak oraindik ez ditu edukiak arautuko dituen dekretuak onartu, nahiz eta Lomce irailerako Lehen Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan martxan jarri nahi duen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea berriak