Gizartea -
Eskubide sozialak
Europak Espainia kritikatu du etorkinei osasun-laguntza ukatzeagatik
PSOEk eta EAJk Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du eta neurria atzea botatzeko eskatu.
Erredakzioa
Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak modu irregularrean dauden etorkinei ematen zaien osasun zerbitzuaren arautegia moldatzeko eskatu dio Espainiari. Europak dionez, arautegia aldatuta, Europako Gizarte Gutunaren 13.1 artikulua beteko luke Espainiak. Beharrean dagoen pertsona orok laguntza jasotzeko duen eskubidea jasotzen du artikulu horrek.
Luis Jimena Quesada batzordeko presidenteak aipatu duenez, “Espainiako egungo arautegia Gobernuak edo Parlamentuak moldatu beharra dago, Autonomia Erkidegoek edo epaitegiek ez dute bete behar eta Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi behar du”.
2013 urteari dagozkion ondorioetan jaso ditu Europak hauek guztiak. Jimenaren aburuz, “arautegia ez betetzea ez da mutirikeria bat, Espainiak giza eskubideen inguruan hitzartuta dituen nazioarteko konpromisoekin bat etortzea baizik”.
Espainiaz gain, ondorengo herrialdeek ere urraketa bera egiten dute: Frantzia, Danimarka, Austria, Belgika, Finlandia, Lituania, Letonia, Txekiar Errepublika, Bulgaria eta Mazedonia.
“Bizitzeko baimena jasotzeko betebeharrak gehiegi luzatzen dira, edo zenbait atzerritarrei bizitzeko baimena kentzen zaie, eta egoera horietan sortzen dira bereizketak”, azpimarratu du batzordeak.
Osasunarekin, gizarte segurantzarekin eta gizarte-babesarekin lotutako artikuluak aztertu dituzte.
Aztertutako 17 artikuluetako sei urratzen ditu Espainiak, gizarte segurantzarekin, gizarte zerbitzuen antolaketarekin eta adinekoen gizarte-babesarekin lotutakoak hain zuzen ere.
Krisi ekonomikoak eraginda Europan hartu diren murrizketen ondorioz herritarren oinarrizko babes sozialak ez direla bermatzen dio batzordeak.
Gobernuak bere burua defendatu du
Europaren kritiken aurrean, Osasun Ministerioak baieztatu du Espainian modu irregularrean bizi diren etorkinek jasotzen duten osasun zerbitzua Europar Batasuneko zabalenetakoa dela.
Ana Matok zuzentzen duen ministerioko ordezkari batek dioenez, “osasun erreforma egin zenean osasun txartela lortzeko beharrezko baldintzak zehaztu ziren, horien artean Espainian bizitzeko baimena izatea, baina osasun arreta jasotzeko eskubidea ez zen mugatu”.
PSOEren eta EAJren kritikak
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcabak etorkinei osasun arreta murrizten dien neurria atzera botatzeko eskatu dio Mariano Rajoyri.
“Europako Kontseiluaren errietak denok lotsarazten gaitu, eta berriz diot: duintasunaren aurkako neurria da”, adierazi du PSOEko buruzagiak Facebook sare sozialean.
Emilio Olabarria EAJren diputatuak “ez duintzat” jo du Europako Gizarte Gutuna ez berresteari “uko egitea”.
Ohar batean Olabarriak dionez, “egungoa bezalako egoerek Espainiar estatuan gizarte gaietan egiten diren perbertsioak ahalbidetzen dituzte”.