Gizartea -
Hezkuntza
Lomceren aurkako erkidegoetan ikasleen % 52 daudela dio Uriartek
Katalunia, Asturias, Andaluzia eta Kanarietako autonomia erkidegoetako ordezkariekin batera, prentsaurrekoa eman du, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa erkidegoetako kideekin bildu aurretik.
Erredakzioa
EAEko, Andaluziako, Asturiasko, Kanarietako eta Kataluniako Hezkuntza arduradunek prentsaurrekoa eman dute elkarrekin, Hezkuntza lege berriaren kontra daudela agertu, eta datorren ikasturterako martxan jartzea "ezinezkoa" dela jakinarazteko.
Autonomia erkidegoetako Hezkuntza arduradunek Jose Ignacio Wert ministroarekin eta gainerako erkidegoetako arduradunekin bilera egin baino ordu batzuk lehenago eman dute prentsaurrekoa.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azpimarratu duenez, Lomceren kontra dauden bost erkidegoetan daude Estatuko ikasleen % 52: "Ez dugu hitz egiteagatik hitz egiten, Lomceren kontrako kritika defendatzeko ardura sentitzen dugu".
Atzo, Cristina Uriartek iragarri zuen zein izango zen euren jarrera gaurko bileran. Haren esanetan, Jaurlaritzak ez ditu testuliburuak datorren ikasturterako aldatuko, irailerako testuak egokitzea ezinezkoa delako.
Uriarteren esanetan, ezin dira liburuak aldatzen hasi "zehazki zer aldatu behar den jakin aurretik"; izan ere, Espainiako Gobernuak oraindik ez ditu edukiak arautuko dituen dekretuak onartu, nahiz eta Lomce irailerako Lehen Hezkuntzan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan martxan jarri nahi duen.