Gizartea -
EAJ-k galdera egin ostean
Bruselak Gipuzkoako erraustegia ez egiteko erabakia ikertuko du
Europako Inbertsio Bankuak diru-laguntza eman zuen erraustegia eraikitzeko, eta ez egiteko erabakiaren berri ofizialik jaso ez duenez, ikertu egingo dute erabakia.
Erredakzioa
Bruselak Gipuzkoako erraustegia ez egiteko erabakia ikertuko du; izan ere, Europako Inbertsio Bankuak erraustegia eraikitzeko diru-laguntza eman zuen, eta ez egiteko erabakiaren berri ofizialik jaso ez duenez, ikertu egingo dute erabakia.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko aukeratu duen sistema ere ikertuko du Europak. Janez Potocnik eslovakiar eta Europako Ingurumen komisiarioak egin du iragarpena, Izaskun Bilbaok egindako galdera bati erantzunda.
Emandako erantzunean Potocnik ziurtatu duenez, "Batzordeari ez diote jakinarazi Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko 2002-2016 planean aldaketarik egin denik", araudia europarrak esaten duenaren kontra, "planak eta programak aldatzean" berehala jakinarazi behar baitzaio.
Komisarioaren arabera, Gipuzkoako Aldundiak "hitzez jakinarazi zion Europako Inbertsio Bankuari (EIB) ez zuela -erraustegia eraikitzeko- inbertsioekin jarraituko" eta "lanak egin behar zituzten enpresekin negoziatzeko asmoa zuela".
"EIBk ez du negoziazioen ondoren inolako jakinarazpenik jaso", azaldu du Potocnikek.
Negoziaziook aurreko azaroan bukatu ziren eta kontratua bertan behera uztea eta 8,2 milioi euroko kalte-ordaina adostu zuten.
Salaketa
Debabarreneko Mankomunitateak eta San Markos Mankomunitateak salaketa jarriko dute Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren kontra, erraustegiaren eraikuntza gelditzeko ustez eman zuten 13 milioi euroko kalte-ordaina berreskuratzeko.
Arcadio Benitez eta Denis Itxaso bi erakundeetako presidenteek iragarri dute neurria prentsaurreko batean, eta erraustegiaren proiektua gelditzeko erabakia gipuzkoarren "interes orokorren kontrakoa" dela salatu dute.