Gizartea -
Denboralea
Zazpi metroko olatuak eta zaparradak espero dira arratsalderako
Donostian, itsasotik gertu dauden kale eta dendak babesteko neurriak hartu dituzte. Gainerakoan, Urumea eta Ebro ibaien emariei begira daude agintariak.
Erredakzioa
Eguraldiak okerrera egingo du arratsaldean, nabarmen. Euria gogotik egingo du eta zazpi metro arteko olatuak espero dira. Hala, ibaien emariekin (batez ere Urumeari, Donostian, eta Ebrori, Castejonen) eta kostaldeko herrien egoerarekin erne ibiliko dira herritar eta agintariak.
Euskal Autonomia Erkidegoa alerta laranjan dago itsasaldeko arriskuagatik, zazpi metrorainoko olatuak izatea iragarrita baitago. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ere izango du ezarrita gaur eta bihar, barnealdean elurra egin lezake eta. Arratsaldean, kotak behera egiten jarraituko du, eta gauerako 600 metrora egongo da. Ekaitzak jotzekotan, kota hori beherago egon liteke. Nafarroan ere, elurragatik dute abisu horia. Aemeten arabera, 4 zentimetro pilatu litezke erkidegoaren erdialdean eta 10 bat Pirinioetan.
Gasteizen, Elurte Planaren aurrelarrialdi fasea ezarri dute, datozen orduetan mara-mara egin dezakeelakoan, Udalak ohar batean jakinarazi duenez.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, arratsaldean zaparradak ugariagoak eta mardulagoak izango dira eta denera helduko dira. Trumoi-ekaitza eta txingorra botako du.
Kostaldeko egoerari dagokionez, itsasgora 13:30ean izan da, baina ez da aparteko arazorik izan. Donostiako Parte Zaharreko Zabalgunean dauden ibilgailuak bertatik kentzeko hartu beharreko neurriak hartu ditu Udalak, eta itsasotik gertu dauden dendariek hareaz betetako zakuak eta oholak ipini dituzte euren establezimenduen atarian. Paseo Berria eta inguruko kaleak itxi egin ditu Udalak.
Urumearen egoera
Iragarpen honek eraginda Donostiako alkateak 'Krisi mahaia' bildu du gaur goizean. Pasa den larunbateko gauerditik aktibatuta dago Txomin eta Martutene auzoetan Urumea ibaiak gainezka egiteko arriskuarengatik.
Jakitera eman dituzten datuen arabera, Urumeak metro eta erdiko altuera hartu du Ereñozu auzoan eta nahiz eta igotzen hasi den hiru metrotik behera dago oraindik Txomin eta Martutene auzoetan. Auzo hauetako biztanleek bere 'nekea eta haserrea' adierazi dute euri jasa handiak izaten diren bakoitzean bizi duten egoeragatik. Donostiako alkateak, Juan Karlos Izagirre, pazientzia izateko eskatu die eta Uraren Euskal Agentziari, URA, Urumeako ibaiaren arroan uholdeei aurre egiteko epe luzera egingo dituzten erabateko obren aurrekari gisa 'epe laburreko konponbideak' adosteko 'bilera urgentea' egiteko eskatu dio.
Añarbeko Urak Mankomunitateak jakitera eman duenez gaur eta datozen egunetarako iragarritako euri jasak kontuan izanda urtegia husten jarraitzen dute. Iturri honen arabera urtegiak 6,2 milioi metro kubiko geldiarazi ditu gertakariaren hasieratik lasaitasuna heldu den arte. Honi esker Añarbe erreka eta ondorioz Urumea ibaira ur gehiago iristea galarazi dute.
Uholde alerta Castejonen
Nafarroan, Castejón herrian Ebro ibaiak eragindako uholde alerta mantentzen da. Foru Erkidegoko gainontzeko ibaietan normaltasuna da nagusi.
Ebro ibaiaren Konfederakuntza Hidrografikoaren Informazio Sistema Automatikoak eskainitako datuek diotenez Ebro ibaiak 5,51 metroko altueran eta segundoko 1053,00 metro kubikorekin igarotzen da Castejonetik.
Iparraldea ere alertan
Euri jasa indartsuen ondorioz Iparraldean ere alerta egoeran daude. Bigarren mailako errepide sarean hainbat bide itxi behar izan dituzte Aturri errekak gainezka egin ostean. Hala ere gertakari larriena Donibane Lohitzunen gertatu da tximista batek garabi bat jo eta bertan lanean ari ziren lau langile zauritu ostean.