Gizartea -

Hezkuntza

Lomce oraindik ezin dela martxan jarri esan dio Jaurlaritzak Werti

Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek bilera egin dute gaur, eta Hezkuntza Saileko ordezkariek azaldu diete ez dagoela astirik 2014-2015 ikasturterako araudia idazteko.

Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa. Argazkia: Efe
Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza Espainiako Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin bildu da gaur, 2014-2015 ikasturterako Lehen Hezkuntzan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan LOMCE legea aplikatzea "ezinezkoa" izango dela azaltzeko.

Hezkuntza Saileko iturriek azaldu dutenez, Madrilen egin dute bilera, eta asteazkenean erkidegoetako sailburuek Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroarekin egingo duten bileraren aurrekaria da.

Gaurko hitzordua teknikoa zen, eta bertan izan dira Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordea.

Jaurlaritzak azaldu duenez, 'Wert legea' azaroaren 28an onartu zuten, baina Ministerioak oraindik ez die argi berdea eman legea garatuko duten errege dekretuei.

Behin onartuta, erkidegoek araudi propioak egin behar dituzte, eta hori "hilabete askotako lana" da. Hori dela eta, datorren ikasturtean abian jartzea "ezinezkoa" dela azpimarratu dute.

Bilera horiez aparte, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko iragarri du Auzitegi Konstituzionalera joko duela legearen kontra, bere eskumenak urratzen dituela iritzita.

Berez, 2014-2015 ikasturtean aplikatu behar da LOMCE legea Lehen Hezkuntzan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan, eta 2015-2016 ikasturtean, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE