Gizartea -

Denboralea

Alerta egoera Castejonen, Ebrok gainezka egiteko arriskua dela eta

Euskalmeten iragarpenaren arabera, gauean atertzera egingo du. Igandean, berriz, ateri izango dugu gauera arte.

Leitza, larunbat goizean. Argazkia: Josu Sukuntza.
Leitza, larunbat goizean. Argazkia: Josu Sukuntza.
Aurrealerta egoeran daude Gipuzkoako ekialdeko ibaiak

2:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan euri gutxiago egin du eta horrek Euskal Herriko ibaien egoera hobetu du. Euskalmeten iragarpenaren arabera, datozen orduetan euri apur bat egin lezake, baina gauean atertzera egingo du. Igandean egunaren zati handienean ateri egongo da, eta gauean euria egin lezake.

Nafarroako Gobernuak alerta ezarri du uholde arriskuagatik Castejonen

Erriberan adi begiratzen diote Ebro ibaiari, izan ere, Nafarroako Gobernuak alerta ezarri du Castejonen, Ebro ibaiak gainezka egiteko arriskua dagoela eta. Goizean, alerta aurreko egoeran zegoen Ebro ibaia Castejon parean, baina ibaiaren maila nabarmen hazi da arratsaldean eta 21:00etan 5,5 metroko emaria zuen. Ondorioz, arrisku maila aurrealertatik alertara igo dute. Beraz, uholde arriskua hegoaldean dago.

Azken orduotako euri jasa indartsuen eraginez, hainbat ibai eta erreka bidetik atera dira goizean, baina egunak aurrera egin ahala egoerak hobera egin du Nafarroa iparraldean eta arriskua Erriberan dago orain.

Nafarroako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, ez da uholde larririk izango. Dena den, Nafarroako Larrialdietarako Agentziak ibaien emaria kontrolatzeko ohartarazi die Nafarroako Udalei.

Egoerak hobera egin du Gipuzkoan

Larunbat arratsaldean euri gutxi egin du eta egoera lasaitu egin da Urumea eta Gipuzkoako gainerako ibaien inguruetan, eta lasaitasuna da nagusi, berriz ere, Gipuzkoan.

Goizean Urumea ibaia bere bidetik atera da zenbait tokitan; Martutenen, Txomin Enean eta Astigarragan esaterako.

Añarbeko urtegia itxita egon da egunaren zatirik handienean, baina % 100 bete da eta egoera baretu ahala, ateak ireki dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Uholdeen Larrialdietako Plana desaktibatu du Gipuzkoako ekialdeko ibaietako ubideetarako arratsaldeko zortzietan. Izan ere, eguraldi-iragarpenaren arabera, eguraldiak hobera egingo du.

Egoera lasaiagoa bada ere, 23:30ean itsasgora izango da eta krisi mahaia bilduta dago Donostiako Udalean, urgentziazko neurriren bat hartu behar bada ere.

Ipar Euskal Herrian, nabarmentzeko arazorik ez

Ipar Euskal Herrian Bidasoa ibaiak gainezka egin du hainbat tokitan, baina euriak ez du arazo handiegirik eragin. Euriaren ondorioz, luiziak izan dira eta hainbat errepide itxi behar izan dituzte, Senperen, Saran eta Kanbon. Zenbait orduz tren zerbitzua ere etenda egon da Baiona eta Donibane Garazi artean. Dena den, okerrena pasatu dela dirudi.

Bestalde, agintariek alerta laranja ezarri dute igande arratsaldera arte.

Landetan, bestalde, egoera larriagoa da: 20 etxebizitza bakartuta gelditu dira eta hainbat pertsona etxetik atera behar izan dituzte.

Nafarroan, normaltasuna errepideetan

Nafarroako errepideetan, Foru Gobernuak jakinarazi duenez, normaltasuna dute hizpide, euriak azken orduetan eragindako arazoak gaindituta. Larunbat iluntzean, sare nagusian, NA-30 errepidea bakarrik zegoen itxita, Iruñeko Landaben industrialderako sarbidean, eta bigarren mailako sarean NA-2410 errepidea (Barranka), 13. kilometroan. Gainerako errepideetan, Orbaizetarako eta Orbaranerako sarbideak barne (isolatuta egon dira ordu batzuetan), ez dago zirkulaziorako arazorik.

Dena dela Nafarroako Gobernua arretaz gidatzea ari da eskatzen; izan ere, prezipitazioak etengabekoak izan litezke larunbatean, elurra ere gin lezake eta haize zakarra ibiliko da.

Elurrarengatik eta elur-jausiak egoteko erriskuarengatik, NA-137 errepidea itxita dago (Burgi-Izaba-Frantzia), 51 kilometrotik aurrera (Refugio).

Eguraldiaren iragarpena

Euskalmeten iragarpenaren arabera, igandean euriak atsedenaldia eskainiko digu. Goizaldean agian euri langar pixka bat egin dezake Kantauriar isurialdean, baina goizean eta arratsaldean ateri egongo da, hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira zeruan, eta zenbat eta kostalderago eta garbiago egongo da zerua. Hego-mendebaldeko haizeari esker tenperatura igo egingo da, eta kostaldean 16-17 ºC-ra irits daiteke. Gauean haizea ipar-mendebaldera aldatu eta zakartu egingo da berriro ere, eta euritara joko du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea