Gizartea -
Uholde arriskua
Esako urtegiaren inguruko kezka Europako Parlamentura iritsi da
Agintariek uholde arriskuari entzungor egin diotela salatu dute hainbat elkartek.
Erredakzioa
Hainbat elkartek (URA-Nueva Cultura, Asociacion Rio Aragon eta Iniciativa Ciudadana Yesa+) Espainiaren aurkako salaketa bat aurkeztu dute Europako Parlamentuan, Esako urtegian dauden segurtasun arazoak direla eta. Izan ere, uholde arriskua dagoela nabarmendu dute elkarteok, baina agintariek entzungor egin dutela kritikatu dute.
Hori horrela, agintariek Europako Parlamentuaren 2007/60/CE araua (uholde arriskuen kudeaketa arautzen duena) urratu dutela argudiatu dute.
Horien esanetan, Espainiako Estatuak "ez du inolako asmorik egoera aztertzeko eta ikertzeko egindako eskaerei erantzuteko". Halaber, 2012. urteko ekainetik alerta egoeran daudela esan dute.
"Espainiako Estatua eta Nafarroako Gobernua presaren eskuin hegalaren arazoak eta istripu larriak jazotzeko posibilitateak ezkutatzen saiatu dira", salatu dute.