Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia euriagatik eta haizeagatik EAEn eta Nafarroan
Iparraldean, alerta laranja ezarri dute, euri-jasa gogorrak espero baitira. Kostaldean ere ez da giro izango, eta 4 metro arteko olatuak aurreikusi dituzte.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du eguerditik euriagatik, haizeagatik eta olatuengatik, datozen orduetan eguraldiak okerrera egingo duela eta. Nafarroan ere, abisua horia da, Haizea eta euriagatik ez ezik, elurragatik ere. Iparraldean, berriz, alerta laranja ezarri dute, euri-jasa gogorrak espero baitituzte.
EAEn, ostiral honetako 12:00etatik larunbateko 18:00ak arte izango da indarrean euriagatik ezarritako abisua. Gogotik egingo du euria, batez ere Gipuzkoan, eta metro koadroko 70 litro pila daitezke 24 orduko epean , batik bat arratsaldean. Kantauri Isurialdean 60 litro pila daitezke eta kostaldean 40-50 litro artean. Araba barnealdean, ordea, ez da horrenbeste espero.
Larunbatean zertxobait hobetuko da egoera, eta 24 orduko epean pilatutakoak 50 litrokoak izango dira Kantauri Isurialdeko ekialdean, 30-40 artean kostaldean eta 10 Araba barnealdean.
Frantziako Meteorologia Zentroak, bestalde, alerta laranja ezarri du Pirinio Atlantikoetan, zaparrada gogorrengatik. Alerta ostiral honetako eguerdian hasi eta biharko 16:00ak arte izango da indarrean.
Itsasoan, 4 metro arteko olatuak espero dira ostiral arratsaldean. Larunbatean ere, indarrean izango da abisua, 15:00ak arte, baina olatu txikiagoak espero dira, 3,5 metro ingurukoak.
Haizeari dagokionez, gaur bakarrik izango da indarrean abisua. Bolada gogorrenak Bizkaian eta Gipuzkoan izango dira, 100 km/h-ko abiadura harrapatuta.
Iragarpena
Ostiral honetan beste fronte bat iritsiko da, eta, beraz, eguraldi euritsua izango da, batez ere egunaren bigarren partean. Goizean euri txikia egingo du, eta hodeitza apur bat saretuta egongo da. Eguerditik aurrera, ordea, euria etengabe eta gogotik egingo du, bereziki ipar isurialdean. Mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, batez ere kostaldean; hala ere, Nafarroa hegoaldean ere ziertzoa dezente nabarmenduko da. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango; balio altuenak 10 eta 13 ºC artekoak izango dira.
Larunbatean ere euria barra-barra egingo du. Ipar-mendebaldeko haizeak bultzatuta, hodeitza iritsiko zaigu itsasaldetik, eta euri franko utziko dute. Gainera, egunaren lehen partean euria etengabe egin dezake ipar isurialdean. Hala ere, gauean euri gutxiago egingo du, eta egun amaierarako litekeena da atertzea. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez.
Igandean euriak atsedenaldia eskainiko digu. Euri pixka bat egin dezake goizaldean eta gauean ipar isurialdean, baina bitartean, hots, goizean eta arratsaldean, ateri egongo da, eta zeruan hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira. Gainera, hego-mendebaldeko haizea ibiliko da; beraz, poliki goxatuko du eguzkitan.