Gizartea -

Donostia ospitalea

'Haurtxo bat bahitzen saiatzea gertakari ezohikoa da'

Donostia ospitaleko gerenteak azaldu duenez, bisitari gehiegi dago ospitaleetan eta ez da erraza kontrolatzen.

Donostia ospitalea. Argazkia: EITB
Donostia ospitalea. Argazkia: EITB
Donostiako Ospitaleko segurtasun protokoloak oso onak dira

1:24

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

José Manuel Ladrón de Guevara Donostia ospitaleko gerenteak azaldu du iragan ostiralean gertatu zena "gertakari ezohikoa" izan zela eta gurasoek jakin behar dutela jaioberriak ezin direla gelatik atera gurasoetako batekin ez bada.

Ladron de Guevarak prentsaurrekoa eskaini du gertakari horren inguruko gorabeherak azaltzeko. Dirudienez, 36 urteko emakume bat, mantal zuri bat jantzita, umea gelatik eramaten saiatu zen, baina erizain laguntzaile batek ez zion utzi, susmo txarra hartu ziolako.

2012ko irailean, buruko gaitz bat zuen emakume batek beste haur bat bahitzen saiatu zen. Orduan, jaioberria Donostia ospitaletik eraman zuen gurasoak lotan zeuden bitartean. Ordubete beranduago Herrera auzoan atxilotu zuten, taxi bat hartu ostean.

Kasu horren ostean, protokoloak berritu eta irmotu ziren: orain gurasoek ez dute kontakturik galduko eta orpoaren proba zein gortasuna antzematekoak gelan bertan egiten dira.

Halere, Ladrón de Guevarak goraipatu du haurraren segurtasuna erantzukizun partekatua dela eta gurasoek ez dietela begirik kendu behar. Gainera, bertan daudenek bisita gutxiago jaso beharko lituzketela esan du.

Donostia ospitaleko gerenteak azaldu duenez, bisitari gehiegi dago ospitaleetan eta ez da erraza kontrolatzen. Erditu duten emakumeei "ez die mesederik egiten", "minak, estutasunak eta emozioak" elkartzen direlako.

"Horrenbeste jende dagoenean, errazagoa da horrelako gauzak gertatzea", gaineratu du.

Ostiraleko bahiketa saiakerak argi utzi zuena, bere ustez, langileen sentsibilitatea da, batez ere erizain laguntzailearena. Umea besotan ikusi zion eta deigarri egin zitzaion, ez zuelako ezagutzen. Haurra besoetatik kendu zion susmatu zuelako ez zela ospitaleko langilea.

Gero, bere asmoei buruz galdetu eta ez zuen "ganorazko" erantzunik eman. Hortaz, lankideei deitu zien eta ospitaleko segurtasunari eta Ertzaintzari ohartarazi zien. Emakumeak ez zion aurre egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Donostiako informazioa Gipuzkoako albisteak Delituak albisteak Bahiketak bideoak Umeak albisteak gaur Donostia Unibertsitate Ospitalea