Gizartea -

Belgika

Hiru hilabete, Hodei Egiluz desagertu zela

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte gertakaria argitu dadila eskatzeko. Goizean mendi martxa egin dute Gorbeiara, eta 19:00etan elkarretaratzea egin dute Galdakaon.

Hodei Egiluzen omenezko ibilaldia, Gorbeara. Argazkia: EiTB
Hodei Egiluzen omenezko ibilaldia, Gorbeara.
Hiru hilabete igaro dira Hodei Egiluz Amberesen desagertu zenetik

1:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru hilabete bete dira gaur Hodei Egiluz gazte galdakaoztarra Anberesen (Belgika) desagertu zenetik. Gertakariaren inguruko berririk ez dago, hiru atxilotu dauden arren, eta familiak eta Galdakaoko Udalak bi ekitaldi antolatu ditu gaur, ikerketa indartu dadin eskatzeko.

Batetik, 23 urteko gaztearen senitartekoek Gorbeiara igoera egin dute, Pagomakurretik abiatuta. Ehundik gora lagun bildu dira txangoan.

Egiluzen oroimenez antolatutako ekitaldiek arratsaldean jarraipena izan dute; izan ere, Galdakaoko Udalak deituta,  kontzentrazioa egin dute 19:00etan Kurtzeko plazan, udaletxearen parean.

Udalak elkarretaratzeak antolatzen jarraituko duela iragarri du, gaztearekin zer gertatu zen argitzen den arte.

Gertakaria

Poliziak ez du oraindik Egiluz aurkitu, nahiz eta azken aldiz ikusi zuten inguruan bilaketa-lanak indartu dituzten. Anbereseko Fiskaltzak ezagutzera eman duenez, Lobroekdokeko portu inguruan aurkitutako gorpua ez da Galdakaoko gaztearena.

Babes Zibileko urpekariak Eskalda ibaian aritu ziren bilaketak egiten, ibai horren inguruan galtzen baita Hodeiren arrastoa. Ez zuten arrakastarik izan bilaketa-lanetan. Abenduaren 5ean mota honetako bilaketetan espezializatua den txakurren laguntzarekin miatu zuten Bonaparte moilaren ingurua eta haiek modu baikorrean erantzun zuten, nahiz eta ez zuten emaitzarik lortu.

Agintarien ustez, zantzu nahikoa dago Hodei ''ekintza kriminal baten biktima'' izan zela eta ''bere kabuz'' desagertu ez zela ondorioztatzeko, Fiskaltzak hainbatetan adierazi duenez.

Belgikako Poliziak hainbat lagun atxilotu ditu, auziarekin zerikusia dutelakoan. Guztiek zuten aldean gaztearen objektu pertsonalen bat (sakelako telefonoa edo diru-zorroa, tartean). Edonola ere, Poliziak ez du xehetasun gehiago eman nahi izan, auzia sekretupean baitago.

Abenduaren 9an, gaztearen senitartekoek eta Child Focus elkarteak indarrak batu zituzten bilaketa lanei bultzada emateko. Kartel berriak zabaldu zituzten Belgikan eta herritarrei laguntza eskatu zieten.

Hodei Egiluzek 23 urte ditu eta Informatika-ingeniaria da. Apirilean joan zen Anberesera Createlli lantegian praktikak egitera. Ekainean lana eskaini zioten eta bertan bizi zen.

http://www.eitb.com/eu/albisteak/gizartea/osoa/1697300/hodei-egiluz-desagertua-anberes--belgikako-polizia-bilatzen-ari-da/
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea