Gizartea -

2013-2020 Osasun Plana

Osasun alorreko ezberdintasunak ezabatzea du helburu Osakidetzak

Gaur aurkeztu duten planean, 146 ekinbide daude jasota. Jon Darpon Osasun sailburuaren hitzetan, bizimodu osasuntsu baten kontzientzia barneratzea jarri behar da erdigunean.

Jon Darpon Osasun sailburua, gaur, Planaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Jon Darpon Osasun sailburua, gaur, Planaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Hurrengo zazpi urteetarako Osasun Plana zehaztu du Osasun Sailak

1:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2013-2020 Osasun Plana aurkeztu du gaur Jon Darpon Osasun sailburuak komunikabideen aurrean. Bi helburu nagusi ditu planak: maila ekonomiko-sozialaren arabera osasun arloan sortzen diren ezberdintasunak desagerraraztea eta bizimodu osasuntsu baten aldeko kultura eta kontzientzia zabaltzea herritarren artean

Darponek jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak iazko azken Gobernu Batzordean onartu zuen plana; erakunde eta sail ezberdinen artean, elkarlanean, osatutako proiektua da. Iñigo Urkullu lehendakariak zuzenduko du plan hau aurrera ateratzeko osatu den batzordea.

Osasun arloan emaitzak hobetzea helburutzat hartuta, 146 ekinbide daude jasota planean. Ongizatearen eta osasunaren bidean ezarritako politika publikoaren eraginkortasuna bilatuko da, eta horren abiapuntua, Darponen iritzian, bizimodu osasuntsu baten kontzientzia barneratzea da.

2010ean hasi ziren gaur aurkeztu duten plana lantzen. Osasungintzan erreferente diren hainbat herrialdetako politikak hartu dira eredutzat; hala nola, Danimarka, Finlandia, Norvegia, Suedia, Holanda, Ingalaterra edota Irlanda hartu dira erreferente gisa.  Genero ikuspegia ere landu da plan honetan.

Sailburuak aurreratu duenez,  planak ez du aurrekontu orokor zehatzik.  Urte bakoitzean Osasun sailak eta planean parte hartuko duten beste sailek erabakiko dute planari zuzenduko dioten aurrekontua. Izan ere,  sail guztiek txertatuko dituzte osasun politikak bakoitzak bere proiektuetan. Izan ere, Darponen hitzetan, ‘Jaurlaritza osoaren plana da’, ez Osasun sailarena bakarrik.

Osasuna sustatzea du helburu planak.  Herritarrak konprometitu eta bezeroak soilik izatetik eragile aktibo izatera igarotzea du zutabeetako bat.  Bost zati ditu, horietako bi 'zeharkakoak', hau da,  Jaurlaritzaren politika orokorretan txertatuko diren proposamenak dira.  Beste hiru zatiak, hiru kolektibotara  zuzendutakoak: bihotzeko arazoak dituztenek,  minbizia duten gaixoek eta gaixo kronikoek osatzen dute kolektiboetako bat. Genetikan ez ezik, minbizi kasuetan ere hainbat eragilek parte hartzen dutela jakinda, Osasun sailak uste du minbizien intzidentzia %10 jaitsi ahal izango dela 2020rako.

Heriotza tasa  eta dependentzia jaistea dira helburuak. Munduko biztanleriarik zaharrenetakoa da gurea. Egun, 85 urtetik gorako 42.800 lagun daude Euskal Autonomia Erkidegoan, eta hemendik zazpi urtera bikoiztu egingo da kopuru hori. Kolektibo horren bizi kalitatea ahalik eta hoberena eta autonomoena izatea da beste oinarrietako bat. %10 jaitsi nahi da, baita, gehiegizko pisua eta obesitatea umeek eta gazteek osatzen duten kolektiboan.

Datorrenari aurre egiteko ekimen betegarriak burutuko direla esan du sailburuak. Plana bide orria baino gehiago hitzarmen soziala dela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza