Gizartea -
Gobernu Bilera
Jaurlaritzak 150.000 euro emango dizkie Pasaiako kaltedunei
Pasaiako Gizarte Zerbitzuek familien egoera aztertu ondoren, horietako 26k beste etxebizitza bat beharko dutela egiaztatu dute. Pasaiako etxebizitza sozialak amaitu bitartean, Donostian biziko dira.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 150.000 euroko diru-laguntza emango du Pasaian izan zen sutean kaltetu ziren 42 familiei laguntzeko.
Diru-laguntza gaur onartu dute, Gobernu Bileran, Pasaiak bizi duen "egoera larriari aurre egiteko". Gizarte Larrialdietarako Laguntzen araudiak ez du halakorik aurreikusten, baina Jaurlaritzak "erantzuna eman behar dela" erabaki du.
Laguntza horren helburu nagusia "premia biziko produktuak" erostea izango da; arropa, etxeetako ohiko tresnak, maletak eta etxetresna elektriko txikiak, besteak beste.
Dirua Pasaiako Udalari emango dio Jaurlaritzak, familien artean banatzeko, bakoitzaren premien arabera. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Pasaiako Udalak batzorde misto bat osatu dute diru-laguntzen kudeaketa ikuskatzeko.
Gaur onartu duten larrialdiko neurria hartzeaz gain, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustapen publikoko higiezinen parkeko zenbait etxebizitza kaltetuen esku jartzea ere erabaki zuen.
Pasaiako Gizarte Zerbitzuek familien egoera aztertu ondoren, horietako 26k beste etxebizitza bat beharko dutela egiaztatu dute. Horrenbestez, guztiak Donostiako Morlans auzoko etxebizitza sozialetara joan ahalko dira, Eusko Jaurlaritza Pasaian eraikitzen ari den 62 etxebizitzen obrak eta bizigarritasun-izapideak amaitu arte. Sustapena amaituta dagoenean, familiak Pasaiara aldatu ahalko dira.
Pasaiako sutean kaltetutakoei laguntzeko helburuarekin, herritarrek 51.000 euro biltzea lortu dute, zenbait bankutan irekitako kontuen bidez.