Gizartea -

Noos auzia

Cristina infantak otsailaren 8an deklaratuko du

Instrukzio epaileak martxoaren 8an zuen jarria hitzordua, baina lehenago izango da, monarka espainiarraren alabak inputazioaren kontrako helegiterik ez zuela jarriko iragarri ostean.

Cristina infanta espainiarra. Argazkia: Efe
Cristina infanta espainiarra.
Hilabete bat aurreratuko da Cristina infantaren deklarazioa

0:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Castro Noos auziko instrukzio-epaileak otsailaren 8ra aurreratu du Cristina infantaren deklarazioa. Juan Carlos I.a erregearen alaba gazteenak inputatu gisa deklaratu beharko du, iruzur fiskala eta dirua zuritzea egotzita.

Epaileak gogorarazi du infantak ez duela deklarazio boluntarioa egingo, horren abokatuek hala esan arren, eta inputatu gisa deklaratzera deituta dagoela nabarmendu du.

Hasieran, martxoaren 8rako deitu zuen Palmako dukesa, baina aurreratu egin du hitzordua, infantak uko egin baitio zitazioaren aurkako helegitea aurkezteari.

"Errugabetasunaz ziur"

Miquel Roca infantaren abokatuak azaldu duenez, Cristinak Castro epailearen aurrean deklaratu nahi du "lehenbailehen, ziur baitago errugabea dela, eta egoera argitu nahi du".

Infanta ez omen dago egoerarekin gustura, baina deklaratzeko erabakia hartu du "alboko kalteak" saihesteko; "prozedura luzatzea eta egoera injustua luzaraztea", adibidez.

Abokatuak jakinarazi duenez, infanta bera izan da inputazioaren kontra helegitea jartzeko aukerari uko egin diona. "Azkenean, edozein herritarrek duen eskubideari uko egin dio, prozesuak horrela aurreratu egin dezan", gaineratu du.

Estatuko Abokatutzak ez du helegiterik jarriko

Estatuko Abokatutzak erabaki du ez diola helegiterik aurkeztuko Noos kasua daraman Jose Castro epailearen erabakiari, eta Cristina infantak deklaratu egin beharko duela.

"Beharrezkoa da deklarazioa aurreratzea", esan du Castro epaileak, Erregearen alabaren eskaerari dagokionez. Infantaren defentsa abokatuen aburuz, bidegabea da haren inputazioa, iruzur fiskala eta dirua zuritzea egotzita. Dena dela, ez dutela oztopatuko adierazi dute, prozesua arindu asmoz.

Fiskaltzak larunbatean iragarri zuen helegitea jartzea zentzuzkoa ote den aztertzen ari dela. Izan ere, infanta berak uko egin dio eskubide horri, eta beharrezkoak diren azalpen guztiak emateko prest agertu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea