Gizartea -
Auzokideen protestak
Elkarretaratzea egin dute Gamonalen, obren hasiera oztopatzeko
Auzokideak kale baten erreformaren aurka egiten ari dira protesta, hain zuzen ere.
Erredakzioa
Gamonal auzoko dozenaka lagun elkarretaratzea egiten ari dira Vitoria kalean, gaur hasi behar zituzten lanak oztopatzeko. Goizean ziren hastekoak, baina beharginak ez dira agertu eta auzotarrek bertan jarraitzen dute.
Burgoseko Udalak bulebarra egini nahi du kale horretan, baina herritar asko egitasmo horren aurka daude eta asteburuan liskar handiak izan dira Gamonalen, herritarren eta Poliziaren artean.
Gaur lanekin jarraituko zutela iragarri zuen asteburuan alkateak, baina beharginak ez dira azaldu. Protestan dauden auzotarrekin batera, poliziaren hamar bat furgoneta daude bertan. Goizeko protestan ez da liskarrik izan.
Hiru eguneko protesta
Burgosko Gamonal auzoan istiluak izan dira bart berriz, hirugarren gauez jarraian. Oraingoan, Polizia ez da manifestarien aurka oldartu, baina hainbat pertsonak kalteak egin dituzte banketxeetan eta hiri-altzarietan.
Auzokideak Vitoria kaleko erreformaren aurka egiten ari dira protesta. Hiriko kale nagusietako bat da, eta Udalak bulebar bihurtu nahi du. Lan horiek 8 milioi eurotik gorako aurrekontua dute, eta auzokideek diru hori beste gauza batzuetara bideratu beharko luketela uste dute; lanpostuak sortzera, esaterako.
Bart, 3.000 pertsonak manifestazio baketsua egin dute, eta polizia-etxearen aurrean ere egin dute protesta, larunbatetik iganderako gauean atxilotutako pertsonak aske uztea eskatzeko.
Vitoria kalera itzultzean, baina, hainbat pertsona hiri-altzarietan eta banketxeetan kalteak egiten eta edukiontziak erretzen hasi dira, ostiralean eta larunbatean bezala.
Asteburuan izandako protestetan, Poliziak 40 pertsona atxilotu ditu, eta 20 pertsona zauritu dira, tartean 12 agente.