Gizartea -
Epaiketa
Zarautzen ustez alaba itsasora jaurti zuen gizona, akusatuen aulkian
Fiskaltzak 23 urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra eskatuko du biktimaren aitarentzat, hilketa delitua egotzita.
Erredakzioa
2010. urteko urriaren 7an Zarauzko (Gipuzkoa) hondartzan hilik topatu zuten neskatoaren auzia epaitzen hasiko dira gaur. Aita eseriko da akusatuen aulkian, alaba itsasora bota izana egotzita.
Gipuzkoako Fiskaltzak 23 urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra eskatuko du horrentzat, hilketa delitua leporatuta, eta bi urtekoa, bikotekide ohiari (hildako neskatoaren ama) mehatxu egitea egotzita.
Lehen saio honen hasieran, herri-epaimahaiko kideak hautatuko dituzte. Iñaki Subijana epaileak baimendu egin du salara ikusleak eta kazetariak sartzea, baina ez akusatuari argazkiak ateratzea.
2010. urteko urriaren 7an, Ertzaintzak urte eta erdiko neskato bat hilik aurkitu zuen Zarauzko hondartzan, eta, ondoren, aita atxilotu zuen. Hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua zuten aurretik, beste gertakari batengatik. Guztira, 11 aldiz atxilotu dute, tartean bere bikotekideari eraso egiteagatik eta alaba bahitzeagatik; azken hori, urte horretan bertan egin zuen.
2010eko egun hartan, gizonak Ertzaintzari deitu zion 05:20an, adin txikikoa desagertu zela jakinarazteko. Haren esanetan, Montetxio parkean, aire librean, biak lotan zeudela desagertu zen alaba.
Umea bilatzeko protokoloa ezarri zuen orduan Larrialdietarako Zuzendaritzak.
Alaba bahitu zuen urte berean
Bestalde, ustez alaba itsasora bota baino hiru hilabete lehenago, 2010eko uztailaren 18an, Galdakaon atxilotu zuten gizonezkoa, alaba bahitu eta Zarauztik hara ihes egin izana egotzita. Galdakaoko Udaltzaingoak atzeman zuen, bizilagun batek gizonezkoa adingabe batekin herritik noraezean zebilela ikusi eta horren berri eman eta gero.
Neskatoaren gurasoak bananduta zeuden. Ama atzerrian bizi zen, alabarekin. Uztailean, baina, Zarautzera bueltatu zen, bikotekide ohiarekin zituen kontu legal batzuk konpontzera. Hilaren 17an, hain zuzen, gizonarekin bildu zen, Zarauzko etxebizitza batean, eta eztabaida izan zuten. Gizonak emakumea kolpatu zuen, eta zauriak egin zizkion aurpegian eta lepoan.
Emakumeak etxebizitzatik ihes egitea lortu zuen, baina alaba han utzi zuen. Biharamunean alaba non zen galdetu zionean, Zarauztik joana zela jakinarazi zion gizonak, eta neskatoa ez zuela berriro ikusiko esanez mehatxu egin zion.