Gizartea -
Denboralea
Loiuko 12 hegaldi bertan behera geratu dira, haizeagatik
Goizean zehar zenbait hegaldi bertan behera geratu dira, eta beste batzuk lur hartu ezinik, beste aireportu batzuetara bideratu dituzte.
Erredakzioa
Loiuko aireportuan 12 hegaldi bertan behera geratu dira gaur, haize zakarraren ondorioz, Aenak jakitera eman duenez.
Goizean zehar zenbait hegaldi bertan behera geratu dira, eta beste batzuk lur hartu ezinik, beste aireportu batzuetara bideratu dituzte.
Bizkaia eta Araban abisu horia emana dago egun osorako, haizeagatik.
Haize ufada handienak Galea lurmuturrean (Getxo) izan dira, 136 kilometro orduko boladak, alegia. Araban, Zaldiaranen izan dira haize boladarik zakarrenak, 94 kilometrokoak, eta Gipuzkoan, berriz, Zarautzen, 99 kilometro ordukoak.
Egoera honek arazo txiki ugari sortu ditu. Bilboko suhiltzaileek dozena bat irteera egin behar izan dituzte goizean, Gipuzkoako errepide batean arbola bat bidera erortzeko zorian geratu da eta, bart gauean, N-1 errepidean, Andoain parean, arbola bat erori eta bi autoren arteko talka eragin du.
Bestalde, bihar eguerdira arte iraungo du olatuengatik ezarritako alerta laranjak. Ondoren, egoera zertxobait baretuko da baina abisu horian jarraituko du.