Gizartea -

Hezkuntza erreforma

Astelehen honetan jarriko da martxan LOMCE legea

Oposizioko alderdi gehienek 'Wert legea' deitua baztertzen duten arren, 2014-2015 ikasturtean aplikatuko da lehen aldiz.

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa. EFE
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa. EFE
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa (LOMCE), 'Wert legea' izenez ezagunagoa, astelehen honetan jarriko da martxan. 2014-2015 ikasturtean aplikatuko da lehen aldiz, Lehen Hezkuntzan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan. Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, 2015-2016 ikasturtean izango da abian.

Jose Ignacio Wert ministroak azaldu du orain hasiko dela legearen "araudiaren garapena", eta autonomia guztietako hezkuntza sailburuei parte hartzeko gonbita luzatu die.

Legea abenduaren 10ean publikatu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (EAO) eta bertan zehazten zen hogei egunen buruan jarriko zela martxan.

LOMCEk hitzaurrean adierazten duenez, ikasleria da "hezkuntzaren erdigunea eta izateko arrazoia", eta irakaskuntzaren bidez, "pertsona autonomoak, kritikoak eta pentsamendu propiodunak" hezi behar dira.

Oposizioko alderdi gehienek lege berria baztertzen dute, pribatizatzailea eta doktrinatzailea delakoan, eta eskumen autonomikoak hartzen dituela salatzen dute, adibidez, hizkuntza koofizialak dauden autonomietan. Izan ere, irakaskuntza hedatzeko hizkuntza gaztelania dela zehazten du lege berriak.

Gainera, zentro publiko edo kontzertatuetan gaztelaniaz ikasteko aukerarik ez duten haurren gurasoei Gobernuak ikastetxe pribatuen ordainketa aurreratuko diela adierazten du LOMCEk, eta geroago, egokitzen zaien finantziazio autonomikotik deskontatuko zaiela.

Kontzertuak eskatzen dituzten sexuaren arabera banatutako ikastetxeei dagokienez, 2013an kontzertua ukatu zaienei berriro eskatzeko aukera eskainiko die legeak.

Bestalde, Wert legearen arabera, ikastetxeetako zuzendaritzak eta irakasleak aginte publikotzat hartuko dira, eta eskoletako kontseiluek kontsulta funtzioa baino ez dute beteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea berriak