Gizartea -

Protestak EAE-n

Talde feministek Abortuaren Legeari intsumisioa egiteko eskatu dute

Ehunka pertsona bildu dira Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, Abortatzeko Eskubidearen aldeko Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta.

Hainbat pertsona bildu ziren atzo Gurutzetako ospitalean. EiTB
Hainbat pertsona bildu ziren atzo Gurutzetako ospitalean. EiTB
Abortuaren legearen kontrako protestak izan dira Euskadiko erietxeetan

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erakunde feministek istilurik gabeko hainbat ekintza egin dituzte gaur goizean EAEn, emakumeen abortatzeko eskubidea eta, horretarako, ospitale publikoetara jotzeko aukera defendatzeko eta PPren Gobernuaren haurdunaldia eteteko legearen aurka protesta egiteko.

Ehunka pertsonak, gehienbat emakumezkoak, bat egin dute Abortatzeko Eskubidearen aldeko Euskal Herriko Bilgune Feministak deitutako protestekin, Gurutzetako, Donostiako eta Arabako Santiago ospitaleetan.

Berrehun bat pertsona bildu dira Gurutzetako plazan, "abortua ez da delitua; eskubidea da" lelodun pankarta batekin. Osakidetzaren ospitale publikoen sareak abortatzeko aukera eskaini dezan eskatu dute, "emakumeek nahi dutenean". Gainera, euskal instituzioei "lege horri intsumisioa" egiteko eta Justizia sailak sortutako arauak urratu nahi dituen emakumeen eskubideak bermatzeko eskatu diete.

Donostian, hogeita hamar bat pertsonak kanpaldia egin dute gaur Donostia Ospitalearen inguruan, PPren Abortuaren Legearen aurkako protesta gisa.

Bozeramaile batek gaur azaldu duenez, atzo ospitalean bildu zirenen asmoa bertan gaua pasatzea zen. 20:00etan, ordea, Ertzaintzak ezin zutela erietxera sartu esan zien. Hori horrela, gerturatu ziren 50 emakumeetatik 30ek ospitalearen alboko zelai batean kanpatu zuten, eta bertan pasatu dute gaua.

Goizean eskaini duten prentsaurrekoan adierazi dutenez, arau berria "atzerapauso" bat da, eta Estatuak ezin duela emakumeen gorputza kontrolatu azpimarratu dute. Gainera, abortu "librea, doakoa eta segurua" defendatu dute.

Gasteizen, ehun pertsona inguruk bat egin dute Santiago ospitaletik abiatu den manifestazioarekin, bandera moreekin eta abortatzeko eskubidearen aldeko pankartekin

Ibilbidean zehar, Elizak Mariano Rajoyren Gobernuaren gizarte politikan duen esku-hartzea salatu dute manifestariek, "Elizak eta eskuinak kokoteraino gauzkate" bezalako leloekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea