Gizartea -
Eztabaida alderdiaren barruan
Abortuaren Legearen erreformak desadostasunak sortu ditu PPn
Cristina Cifuentesek, Zamorako eta Valladolidedo alkateek eta Borja Semperrek lege aurreproiektuaren zenbait ezaugarri kritikatu dituzte dagoeneko.
Erredakzioa
Cristina Cifuentes Gobernuaren ordezkariak alderdiarne barruan nagusi den iritziarekin bat egiten ez duela azaldu du gaur. Abortuaren Legearekin epeak arautu beharko liratekeela uste du Cifuentesek, hipotesiak alde batera utziz.
Testua oraindik Kongresutik igaro behar dela eta aldaketak izan ditzakeela gogorarazi du Cifuentesek. Gainera, PPk hauteskunde-programan hartutako konpromisoa bete nahi duela erantsi du.
Epeak arautzearen alde azaldu da, nahiz eta alderdikide gehienak horren aurka agertu. Gai "oso zaila" dela aitortu du Cifuentesek, eta hartutako neurria onartu behar duela gaineratu du.
Bestalde, Rosa Valdeon Zamorako alkateak Justizia Ministerioari desadostasunen berri emango dio. "Aurreko legeak eguneratzea behar duela egia da, baina fetuaren malformazio bat izateko arriskua dagoenean abortuaren aukera ezabatzea ez da zentzuzkoa", adierazi du Valdeonek.
Abortuaren Legea erreformatzeko proiektuaren zatirik handiena babesten duela azaldu du Francisco Javier Leon de la Riva Valladolideko alkateak, baina "hobetzea" posible dela uste du; izan ere, malformazioen kasuetan "amaierara arte haurdun egotera behartzea akatsa litzateke".
Borja Semper EAEko PPko bozeramaileak aitortu duenez, abortuaren erreforman badaude "gustuko ez dituen" hainbat puntu. Gainera, lege berria bozkatzeko orduan, parlamentariek "nahi dutena" bozkatu ahal izateko deia egin du, "alderdiak ezin baitira sektak izan".
Goi-bilera Madrilen
"Emakumeen askatasunaren" aldeko goi-bilera deituko duela iragarri du PSOEk. Horrela, Abortuaren Legearen erreforma gelditzeko estrategia zehaztu eta "edozein alderdi politikotako" parlamentarien eta elkarteen babesa jaso nahi dute.
Gobernuaren erreforma Parlamentura ez heltzeko "ahotsak eta eskuak" batu nahi ditu PSOEk, Elena Valenciano sozialisten idazkari nagusiak azaldu duenez. PPko gizonek eta emakumeek "isiltasunaren legea urratu" behar dutela esan du Valencianok.