Gizartea -
Iruñerriko autobusen greba
Atzerapenak, 'villavesen' grebako hamaikagarren eguneko goizean ere
Atzerapenak berriz, Iruñeko hiri eta eskualdeko autobus publikoen zerbitzuan, langileen greba mugagabearen hamaikagarren egunean. Ordu erdi artekoak izan dira L2 eta L3 lineetan, TCCren arabera.
Erredakzioa
Iruñeko eta Iruñerriko autobus publikoen zerbitzuko langileen grebako hamaikagarren egunean, atzerapenak izan dira, batik bat L2 eta L3 lineetan, TCC zerbitzuaren eskuduntza duen enpresaren arabera, piketeen ekimenaren ondorioz. Ordu erdira artekoak izan dira berandutzeak.
"Autobusen garajeetan pikete informatiboetako kideak zeudenez, autobus batzuk 30 minutuko atzerapenaz irten dira zerbitzua ematera", enpresaren azalpenen arabera: "Beste linea batzuetan ere, pixka bat berandutu da autobusen joan-etorria".
Greba mugagabe honetarako, % 60ko zerbitzu minimoak ezarri dituzte, joan-etorri gehieneko orduetarako: 06:30etik 09:30era, 13:00etatik 15:30era eta 17:00etatik 20:30era. Gainerako ordu tarteetan, % 40koa izango da zerbitzua.
Larunbat-igandeetan eta jaiegunetan, lanegun bateko zerbitzuaren % 40koa izango da maiztasuna, eta, gaueko zerbitzuari begira, astelehenetik ostegunera eta jaiegunetan, linea bakoitzeko (N8 eta N9 izan ezik) azken zerbitzua beti bezala egingo da, noranzko bietan, jardunaldi amaierako joan-etorriak bermatuta izateko.
Ostiraletan, 22:30etik 04:00etara, 60 minutuan behin autobus bat ibiliko da noranzko bakoitzean, N8 eta N9 lineetan izan ezik. Horietan, bi orduan behin egingo dute autobusek ibilbidea.
Azkenik, larunbatetan 22:30 eta 06:00ak bitartean, joaneko eta itzultzeko zerbitzu bana egongo da 60 minutuan behin, N8 eta N9 lineetan izan ezik. Horietan, bi orduan behin egingo dute autobusek ibilbidea.